Getariako EAJko udal taldeak zein bertako zinegotzi den Andoni Aristik azkenaldian prentsara igorri dituzten hainbat ohar eta artikulu direla-eta, Bilduk osatzen duen Getariako Udal Gobernuak erantzun bat ematearen beharra ikusi du.
Orain arte beraien joko horretan ez sartzeko erabakia hartu dugu. Baina azken idatzietan adierazitako hainbat konturen larritasuna ikusita, ohar hau publikatzea erabaki dugu.
Lehenik eta behin, adierazi nahi genuke abenduaren 19an egin genuen herri aurkezpenaren izenburua ez zela 2007-2011 Kontuak Garbi (EAJ-k dioen bezala) , Kontuak garbi: Getariako Udaleko egoera ekonomikoa baizik. Deialdia Udal Gobernuak egin zuen, eta aurrez gainerako bi alderdiei ere eman genien gure asmoen berri. Aralarreko kideak bat zetozen gurekin horrelako aurkezpen bat egitearen beharraz. Ondorioz, aurkezpen hori egitean inor ez zen albo batera utzi, EAJk salatu duen bezala.
Aurkezpen hartan, herriari udalean topatu genuen egoera ekonomikoaren berri eman genion, udaleko datu errealetan oinarrituta. Eskaini genituen datu guztien azalpenak eta justifikazioak esku artean genituen, eta aurkezpenean bertan hori oso garbi geratu zen. Bertaratu zirenek argi ikusi izan zuten hori.
Udalaren egoera ezagutzea guretzat ere lan handia izan da. Eta horretan, udal langileekin zein Aralarrekin izandako elkarlana erabat aberasgarria suertatu da.
Aipatutako aurkezpena historikoa izan zela esan daiteke gainera, orain arte herrian inoiz ez baita horrelakorik egin. Gure balorazioa oso positiboa izan zen, eta bertaratu zen herritar kopuru handia ikusita, herriak interesa eta jakinmina zuela ezin uka daiteke. Aurkezpen horrek orain arte agintean egon den EAJri soilik eragin dio haserrea eta ezinegona. Guk, hauteskundeetan hitz eman bezala, herriari informazioa helarazi besterik ez dugu egin.
Aurkezpenaren inguruko kritikez harago, 6 hilabeteren ostean herrian ez dagoela ezer berririk eta hilabete horiek denak galdu ditugula idatzi dute EAJkoek. Eta aurrera begira ez dakigula nora goazen. Lehen hilabete hauek udalean kokatzera eta bertako egoeraz informatzera baliatu ditugu, eta herriko elkarteekin eta gainontzeko administrazioekin bildu eta harremanak sakontzera. Herriak funtzionamenduan jarraitu du, sortu diren arazo eta erronkei irtenbideak eman zaizkie, eta gauzak egiteko modua aldatze bidean ere urratsak eman ditugu. Orain artekoan zein aurrera begira, hauteskundeetan aurkeztu genuen herri programan oinarritu gara. Herriak bozkatu zuena, eta gure jarduna gidatzen duena hori baita.
Aurreko puntuarekin lotuta, udal gestiorako gaitasunik ez daukagula errepikatu dute hainbat aldiz. Halako jarrera eta akusazioen aurrean, gaineratzeko ezer gutxi dugu. Ez da gure estiloa, eta ez gara euren mailara jaitsiko. Getarian ez ezik, gainontzeko herri ugaritan erabiltzen ari diren argumentua da, inolako oinarririk gabea. Ez gara deskalifikazioen eremuan barneratuko. Begirunea gauza guztien gainetik zaindu beharreko balorea dela iruditzen zaigu.
Herri aurkezpena kritikatzeaz gain, azken bi asteotan gogor jo dute urtarrilean Bildu eta Aralarren artean adostu eta onartu genuen 2012ko behin-behineko aurrekontuaren aurka.
Batetik, krisia aitzakiatzat erabiltzen ari garela diote. Krisia 2007-2008tik datorrela, eta eurak herrirako dirua lortu eta inbertsioak egiteko gai izan zirela argudiatuz. Egungo krisiaren lehen zantzuak 2008tik aurrera antzematen hasi ziren arren, 2008ko eta 2012ko egoera guztiz desberdina da. Orduko eta oraingo langabezi tasari begiratu besterik ez dago, edota administrazio desberdinek orduan eta orain duten egoerari… Ingurune hurbilera begirada labur bat ematea besterik ez dago, krisiaren ondorio larrienak 2011 eta 2012an bizitzen ari garela konturatzeko… Gainera, 2008an krisia bazegoen, zergatik ez ziren horri aurre egiteko neurriak hartzen hasi? Hain juxtu alderantziz egin zuten: liberatu kopurua eta euren soldatak inoizko maila altuenean mantendu, gastu arrunta ahalmenen gainetik igo, jasangaitzak ziren kontratuak eta inbertsioak sustatu…
Behin-behineko aurrekontuaren lanketan beraiek ez ditugula kontuan izan ere leporatu digute. Azken udalbatzarrean erantzun genien moduan, elkarlanerako bi aldeen borondatea egotea ezinbestekoa da. Beraz, beraiek parte hartu ez izatearen arrazoia jakiteko, euren buruei egin beharko diete galdera… 2012ko aurrekontuetan, elkarlanerako prest zeuden eragile eta alderdi guzti-guztiek hartu dute parte: Getariako Bildu osatzen duten sentsibilitate guztiek (ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, independenteak) eta Aralarrek.
Horrez gain, Artzape herri aldizkariari zein Uemari bideratutako diru partiden aurka gogor azaldu dira. Bi partida horiek herrian dagoen langabeziarekin nahastuz, inolako zentzurik gabe… Argi adierazi genuen azken batzordean herri aldizkariaren egoera larria medio, neurri puntual gisa, aurten martxan jarraitu ahal izateko laguntza ematea egoki ikusten genuela. Ueman sartzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu, azken legealdian euskara aldetik eman diren atzerapausoak medio.
Arkitektoaren gaia ere sarri ateratzen dute mahai gainera. Lehendik zegoen arkitektoa, bere borondatearen aurka erretiratu eta kalera bota nahi zutela ez dute aitortzen, ordea. Eta arrazoi hori medio kontratatu zutela bigarren arkitekto bat aurreko legegintzaldian. Gu boterera iristean beraz, bi arkitektorekin topatu ginen. Eta hau erabat gehiegizkoa zen Getaria bezalako herri txiki batentzat. Ondorioz, kriterio operatiboetan eta ekonomietan oinarrituz, bi arkitekto izatetik bat izatera pasatzeko erabaki zaila hartu beharrean aurkitu ginen. Ez dakigu honekin guztiarekin nora iritsi nahi duten…
Hainbat proiektu geratu eta baztertu ditugula ere salatu dute. Eta hori ez da horrela. Orain artean ez dugu herrian zegoen proiektu bakar bat ere geratu. Guztiak ongi aztertzen eta osatzen ari gara, eta aurrera eramateko aukera egokienak bilatzen.
Azkenik, Andoni Aristi zinegotziak bere azken gutunean adierazi zuen aurtengo diru-laguntzen partida hirukoiztea litzatekeela normalena. Horretarako ateak jo behar direla gaineratuz. Administrazio desberdinen aurrekontuak eta prebisioak begiratuz, argi dago guztietan diru-laguntzen partidek beherakada nabaria jasan dutela… Beraz, ez dakigu zein atez mintzo den Andoni…
Hori guztia argituta, Getariako herriari adierazi nahi genioke, hitz emandakoa gauzatzeko ahaleginetan jarraituko dugula, gauzak egiteko modua aldatzen, herritarren partaidetza etengabe sustatzen. Informazioan eta gardentasunean oinarrituz, herriak bozkatu zuen aldaketa gauzatuz. Orain arteko ilusio, gogo eta konpromiso berarekin.