Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herri Eskolak 2013-2014 ikasturterako DBH linea jartzeko asmoa du, eta Juanjo Zubizarreta ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez, dagoeneko baimen eta finantziazio iturri guztiak lotuta dituzte; DBH linea jartzeko Zaragueta ikastetxeko eraikina luzatu egingo dute baratza aldeetara; obra horiek ekainean hasiko dira, «ikasleek ikasturtea amaitu bezain laster». Egun, arkitektuak proiektua garatzen ari dira, Lakuako eta Orioko Udaleko arkitektuekin harremanetan. Behin proiektua osatuta dagoenean, Juanjo Zubizarreta Zaragueta Herri Eskolako zuzendariak jakinarazi du maiatzean esleituko dela proiektuaren exekuzioa. Hala, eraikin berriaren kanpoko azpiegitura irailerako amaituta izatea aurreikusi du Zubizarretak. Zuzendariak eraikinaren barrualdea nolakoa izango den ere aurreratu du; honen arabera, eraikin berrian hiru solairu egingo dituzte, eta bakoitzean bi ikasgela izango dira. Etorkizunean eraikina handitzeko edo gela gehiago egiteko beharra ikusiz gero, eraikina luzatzeko aukera zabalik utziko du egun egiten ari diren proiektuak.