ELA, LAB eta EILAS sindikatuek lau orduko lanuzte batera deitu dute otsailaren 9rako, Eusko Jaurlaritzak administrazioan egin nahi dituen murrizketen aurka. Horren harira Orion eta Aian ere izango dira lanuzteak lantoki publikoetan.
Osasun Zentroetan oraindik ez dute erabakirik hartu lanuzteari buruz.
Ikastetxeetan, berriz, guztietan izango da etena. Zaraguetan arratsaldez ez da eskolarik izango; Ikastolan 14:30etik 16:30era bitartean; Lardizabalen 11:00etatik aurrera; Andatzako eskolan 11:00etatik 16:15era, baina jangela zerbitzua eskainiko dute. Haurreskoletan, bai Aian eta baita Orion ere, 11:00etatik 15:00etara bitartean egingo dute lanuztea.
Euskotrenek ere greba egingo du hainbat ordutan. Orioko Udalari jakinarazi dionez, honako orduetan egingo dute greba langileek: 06:30etik 10:30etara, goizean, eta 17:30etik 21:30etara, arratsaldean.Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik zehaztu EuskoTrenek bete beharko dituen zerbitzu minimoak zein diren. Zehazten dituenean, EuskoTrenen web orrialdean kontsultatu ahal izango dira.
Udal langileek ez dute lanuzterik egingo Orion eta Aian oraindik erabakitzeke daukate. Hala ere, Orioko Udaleko ordezkari sindikalek deituta 10 minutuko elkarretaratzea izango da udaletxe aurrean 12:00etan.