
«Mundua, egun ezagutzen dugun moduan, ezin da sostengatu. Justizia sozial gehiago behar dugu, eta horretarako gizartea eraldatu behar da», dio Periko Etxeburuak. Inbertsio eta Aurrezte Arduratsuentzako Fundazioko (FIARE, gaztelaniaz) kidea da donostiarra, beste hainbat zarauztarrekin batera. Ekimen sozial eta ekonomikoaren helburua, besteak beste, gizon-emakumeen, eta, oro har, gizarte osoaren garapen eredu justuago baten alde lan egitea da.
Elkartasuna, erantzukizun soziala, etika eta finantzak uztartzen ditu, hala, banku horrek. Gizarte onurak lortzeko asmoarekin sortu zen, jarduera ekonomiko bideragarriak finantzatuz, aurrezte arduratsutik abiatuz, eta gardentasuna oinarrian duela.
Bestelako helburua
Zarauzko taldekideek jakinarazi dutenez, bestelako banku erakundeek bezala funtzionatzen du banku etikoak, baina helburua oso bestelakoa da. «Aurrezleek diru kopuru jakin bat inbertitzen dute, epe eta baldintza zehatz batzuren pean, eta epemuga batean kapitala berreskuratzen dute, berme osoarekin. Aurrezki horiekin, ordea, ez dira nolanahiko proiektuak bultzatzen; soil-soilik elkarteko komisio etiko batek onartutako jardueretara bideratzen dira».
Ildo horretatik, Hirugarren Munduaren garatzera, baztertutako pertsonak gizarteratzera eta lan munduratzera, eta ingurumena zaintzera bideratuko dituzte aurrezkiok, baita irabazi asmo gabeko elkarte sozialak indartzera ere.
«Finean, banka mailan dagoen hutsunea betetzea du helburu», azaldu du Arantxa Loinaz kideak. «Bestelako erakundeek etxebizitzak egiteko maileguak eman ditzakete; banku etikoak, berriz, gizarte ekintzara bideratuko ditu aurrezkiak», gaineratu du haren kide Mikel Urdangarinek. «Ekonomia pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez pertsonak ekonomiaren zerbitzura».
Ildo horretatik, kreditu kooperatiba sortzea izango da hurrengo pausoa, finantza erakunde autonomo gisa lan egin ahal izateko. 2013rako sortuta egongo dela aurreikusi dute. Horretarako, herritarren eta erakundeen parte hartzea «beharrezkoa» dela diote taldekideek; izan ere, kooperatiba osatu ahal izateko 10.000 harpidedun lortu behar dira. Jakinarazi dutenez, egun 2.7000 bazkidetik gora ditu banku etikoak, eta 30 milioi euro inguru aurreztu eta 27 milioi inguruko balioa duten 110 proiektu finantzatzen dituzte. Banku etikoko bazkide izan nahi dutenek hainbat bide izango dute horretarako: norbanakoek 300 euro ordain ditzakete; gizarte erakundeek, berriz, 600 euro, eta enpresek 1.800 euro.
Dagoeneko martxan
FIARE Euskal Herriko banka etikoko lehen egitasmoa da. 2005ean sortu zen Bilbon. Gerora, egitasmoa zabaltzen joan da Euskal Herrira zein Espainiara. Egun, Bilbon eta Bartzelonan dituzte bulego nagusiak, eta Espainiako hainbat probintziatan informazio puntuak; Madrilen, Valentzian, Andaluzian, Extremaduran eta Kanariar irletan, besteak beste. Gipuzkoan,berriz, Donostian, Ordizian, Irunen eta Zarautzen ere baditu ordezkaritzak.
Duela hilabete batzuk, hainbat herritar bildu eta Zarautzen lantaldea sortzea erabaki zuen, «herritarri finantza kontuetan alternatiba berritzaile eta erakargarria eskaintzeko» asmoarekin. Zarauzko taldeak kostaldeko ordezkaria izateko asmoa du, eta inguruko herriei zerbitzua eskaintzekoa. «Zarauzko taldearen helburua eskualdeko ordezkaria izatea da, eta herritarrekin harremanetan egotea, zuzeneko eta gertuko tratua eskainiz».
Hala, asteartero Sanz Enea kultur etxeko beheko solairuan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, herritarren zalantzak argitzeko. Herenegun egin zuten lehenengo harrera-bilera, eta hainbat herritar gerturatu zen, informazio eske. Nolanahi ere, herritarrek astearteetako hitzorduetara bertaratzerik ez badute, FIAREren helbide elektronikora idatz dezake; zarautz@proyectofiare.com helbidera, alegia.