Urola Kostako udal langileek lanuzteak egingo dituzte gaur

Getariako Hitza 2012ko otsailaren 8a

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza sektore publikoan egitekoak diren murrizketak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur Urola Kostako hainbat herritan. Azkoitiko, Azpeitiko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako udaletako langileek bat egin dute gaurko iragarrita dagoen lanuztearekin. Zumaian, esaterako, 11:00etatik aurrera itxita egongo dira udal eraikin guztiak, eta udaltzainek izan ezik, ez dituzte ohiko zerbitzuak eskainiko. Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, ordu horretatik aurrera hitzartuta zituzten ekintza guztiak bertan behera utziko dituzte; halaber, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek deituta, 12:30ean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta horietan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Bide beretik, herritarrei mobilizazioetara joateko dei egin die. Zumaiako udal langileen lanuzteak arratsaldean amaituko dira. Hala, Zumaiako Turismo Bulegoak arratsaldeko ohiko ordutegia hartuko du; 16:00etatik 19:00etara bitartean irekita egongo da. Zumaiako ludotekak ere arratsaldean irekiko ditu ateak, eta liburutegia 18:00etatik aurrera egongo da zabalik. Zarauzko udal langileen iritziz, berriz, «sektore publikoaren erreformara bideratutako neurriek, zein baino zein murriztaileagoak, kalte nabaria eragingo diote zerbitzu publikoen garapenari, eta ondorioak oso larriak izan daitezke». Horien ustez, bi gobernuek hartuko dituzten neurriek zerbitzu publikoaren kalitatea eta langileen lan baldintzak okertuko dituzte. Horrez gain, murrizketen beste ondorioetako bat zerbitzu publikoen «pribatizazioa» izango dela uste dute Zarauzko udal langileek. «Honen guztiaren ondorio zuzenena, urte askoan guztiontzat [...]

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza sektore publikoan egitekoak diren murrizketak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur Urola Kostako hainbat herritan. Azkoitiko, Azpeitiko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako udaletako langileek bat egin dute gaurko iragarrita dagoen lanuztearekin. Zumaian, esaterako, 11:00etatik aurrera itxita egongo dira udal eraikin guztiak, eta udaltzainek izan ezik, ez dituzte ohiko zerbitzuak eskainiko.
Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, ordu horretatik aurrera hitzartuta zituzten ekintza guztiak bertan behera utziko dituzte; halaber, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek deituta, 12:30ean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta horietan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Bide beretik, herritarrei mobilizazioetara joateko dei egin die.
Zumaiako udal langileen lanuzteak arratsaldean amaituko dira. Hala, Zumaiako Turismo Bulegoak arratsaldeko ohiko ordutegia hartuko du; 16:00etatik 19:00etara bitartean irekita egongo da. Zumaiako ludotekak ere arratsaldean irekiko ditu ateak, eta liburutegia 18:00etatik aurrera egongo da zabalik.
Zarauzko udal langileen iritziz, berriz, «sektore publikoaren erreformara bideratutako neurriek, zein baino zein murriztaileagoak, kalte nabaria eragingo diote zerbitzu publikoen garapenari, eta ondorioak oso larriak izan daitezke». Horien ustez, bi gobernuek hartuko dituzten neurriek zerbitzu publikoaren kalitatea eta langileen lan baldintzak okertuko dituzte. Horrez gain, murrizketen beste ondorioetako bat zerbitzu publikoen «pribatizazioa» izango dela uste dute Zarauzko udal langileek. «Honen guztiaren ondorio zuzenena, urte askoan guztiontzat izan diren zerbitzuak, dirua duten gutxi batzuk soilik izatea da». Hori hala, 11:00etatik 15:00etara bitarteko alkatetzako zerbitzuak biharamunera atzeratuko dituzte.
Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko langileek ere bat egingo dute murrizketen aurka, eta sindikatuak gaurko deitu duen lau orduko geldialdiarekin. Hala, 09:00-11:30 eta 17:00-20:00 bitartean izango da zabalik liburutegia.
Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako langileek, berriz, 11:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea, eta Azpeitian 11:00etan elkarretaratzea egingo dute, plazan. Halaber, Azpeitiko kiroldegia eta igerilekua ere itxita egongo dira 11:00etatik 18:00etara bitartean; hala, ordu horietako zerbitzu guztiak bertan behera utziko dituzte. Azkoitian, berriz, brigadak arratsaldean ez du lanik egingo.
Getarian modu berezian egingo dute protesta; lanera joango dira eta geldialdi garaiko lanorduetan lortutako irabaziak beharra duten herritarren artean banatuko dituzte.
Orion, elkarretaratzea
Orioko Udaleko langileek, bestetik, ez dute lanuzterik egingo, baina udaleko ordezkaritza sindikala deituta hamar minutuko elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, udaletxe aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide