Hiru hamarkada luzek askorako eman dezakete. Egun Zarautzen entseiatzen duen Leize talde zestoarrarentzat, behintzat, halaxe izan da: hasierako maketak, lehen diskoa, Madrilera jauzia, taldearen banaketa eta ondorengo itzulera. Hamaika bizipen eta oroitzapen, baina nostalgiarik gabe. Leizek ez du bere historia eten. Taldearen 30. urteurrenaren haritik, bira bat antolatu dute, eta Espainiako eta Euskal Herriko hainbat hiritan joko dute; larunbatean Xixonen (Asturias, Espainia) ariko dira. Taldekide guztiak bezalaxe, Toño Rodriguez (Aizarnazabal, 1964) baxu-jotzailea ilusioz gainezka dago ospakizun-ekitaldiekin. Hona hemen biharko alean argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena:
Atzo izan zen sentipena duzue ala hasierako entseguak benetan urruti ikusten dituzue?
Urruti geratu dira, baina denbora azkar pasatu da. Berehalakoan igaro zaizkigu 30 urte. Jakina, hastapenetako entsegu haiek gogoan ditugu, baita dantzaldietako atsedenaldietan jotzen saiatzen ginen garaiak ere. Nik uste dut inoiz ez dela norbere jatorria zein den ahaztu behar.
Taldearen jatorria aipatu duzula, nola elkartu zineten zuek?
Felix Lasak eta Patxi Carrascok Contra Viento y Marea izeneko talde erdi-akustikoa zuten. Patxi askotan etortzen zen Zarautzera, igandetako dantzaldietako taldeak ikustera. Ni ere igandero etortzen nintzenez, egun batean hitz egiten hasi eta taldean baxu-jotzaile baten beharra zutela esan zidan. Hurrengo astean Iraetara agertu nintzen haiekin baxua jotzera. Horrela sortu genuen Leize.
Orain, 30. urteurrena ospatuko duzue kontzertu bira batekin.
Hori da. 30 urte betetzea ez da batere erraza. Talde guztiek ezin dezakete hori esan. Gainera, taldea sortu genuen hiru kideok gaude elkarrekin, eta hori seinale ona da. Orain, Andoni Regueiro bateria-jotzaile oñatiarrarekin ari gara. Egia esan, disko berria grabatu genuenetik ez gara geratu. Tartean, Leyendas de Rock bezalako jaialdi ezagunetan jo dugu, 8.000 lagunen aurrean, eta Europe, Saxon eta UFO bezalako talde handiekin taula gaina partekatzeko ohorea izan dugu. Gure idoloekin jotzeko aukera izan dugu… Sekulako izan da! Orain, urteurreneko birarekin hasteko gogoz gaude.
Nolakoa izango da bira?
Gure ibilbide luzeko abesti ezagunak joko ditugu, garai guztietakoak. Bi ordu luzeko emanaldiak prestatu ditugu. Gainera, merchandising berezia atera dugu: puak, elastikoak, teloia… Handitasunez ospatuko dugu!
Hala ere, hamar kontzertu bakarrik iragarri dituzue. Gutxirekin konformatzen zarete!
Printzipioz, hamar kontzertu lotu ditugu. Ez dugu emanaldi gehiegi egin eta erre nahi. Ez dugu taldea gure bizitza pertsonaletara baldintzatu nahi. Gu ez gara honetatik bizi. Euskal Herrian Gasteizen eta Bilbon joko dugu, eta Hernanin zerbait egitekotan gara. Zarautzen ere hitz egiten ari gara, eta espero dugu etxean ere jotzea.
