Egoerak hala eskatzen duelako, emanaldi berezia antolatu dute Unai Azkaratek –Azkaiter Pelox, ezizen artistikoz– eta lagunek ostiral honetarako, Kalakari tabernan. Arrazoi bikoitza dute horretarako: alde batetik, Kalakari taberna jabez aldatuko da, eta, bestetik, Azkaratek Orio utziko du, Bergarara bizitzera itzultzeko. «Bi agurrak baliatuz, musika-festa antolatu dugu», azaldu du. Jaialdian, ordea, ez da bakarrik ariko, hainbat lagun gonbidatu baititu taula gainera.
Musikariak bost urte egin ditu herrian, eta hasieran bakarlari gisa aritzen bazen ere, Kosta Tailerrean taldea sortu zuen musikari oriotarrekin. Orion bizitako urteak «zoragarriak» izan direla nabarmendu du. «Pena ematen dit, jakina. Bertako musikariek horrenbeste ijito artean kokoteraino egongo naizela esaten didate, baina hori ez da horrela. Oso-oso gustura egon naiz Orion pasatu ditudan urteeta, baina Bergaran bizitzeko aukera suertatu zaigu eta itzultzea erabaki dugu», argudiatu du.
Kolaborazio kontzertua
Nagusiki, Azkaiter Peloxen eta Iban Nikolairen arteko kolaborazioa entzuteko aukera izango da etziko jaialdian; lehenengoa gitarrarekin ariko da, eta bigarrena, berriz, didgeridooarekin. «Iaz Ondarroako gaztetxean aritu ginen biok, eta kontzertu hartan, Negu Gorriak taldearen Radio Rahim abestia jo genuen elkarrekin. Harrezkero, harreman ona egin genuen, eta noizbait elkarlana errepikatzekotan geratu ginen». Agur ekitaldiaren harira, berriro elkartuko dira gaur, 22:30ean, eta «saio luzeagoa» eskainiko dute.
Kolaborazio ez dute oraindik prestatu. «Hemendik ostiralera agian zerbait egiteko denbora emango digu», dio musikari bergarar-oriotarrak. Azkenaldian, jam edo inprobisazio bidezko kolaborazioak egiten ari da Azkarate, eta ostiralekoak ildo bera izango duela dirudi. «Ondarroako kolaborazioa ere afaltzen ari ginela bururatu zitzaigun. Horrela animatu ginen».
Nikolaiz aparte, hainbat gonbidatu animatuko da eszenara; besteak beste, azkenaldian Azkaraterekin abeslari gisa dabilen Amaia Azpiazu, eta Azkaiter Pelox Bandan aritutako Iker Gurrutxaga gitarrista oriotarra. Bestalde, bertsolariek ere girotuko dute jaialdia.
Aurkezpena eta lan berria
Azkaiter Pelox disko berria grabatzen ari den arren, oraindik 2010ean Bergarako Laino skate-parkean eta Orioko Kalakari tabernan grabatutako Azkaiter Pelox & Road Band zuzenean lana aurkezten ari dira. Gainera, zuzeneko emanaldi-grabazio horretatik ez du berriro abestirik jo Kalakarin. Beraz, agurreko ekitaldia izateaz gain, aurkezpena ere izango da.
Kontzertuz kontzertu, Zamburleiker izena izango duen diskoa grabatzen ari da orain; hau da, Azkarate eta taldekideak prozesuan murgilduta daude buru-belarri. Eibarko Legarre musika estudioan ari dira lanean, Ander Barriusoren gidaritzapean, eta oraingoz bateriako pistak baino ez dituzte grabatu; datorren astean baxuak sartzen hasiko direla aurreratu du. Era berean, Iban Nikolaik kolaboratuko du: «Didgeridooarekin zatiak joko ditu abestiren batean». Musikariaren aurreikuspenen arabera, disko berriak datorren maiatzean ikusiko du argia. Bien bitartean, zuzenean ikustearekin konformatu beharko dute zaleek.