«Zerbait egin dezaten eskatzen diet abertzaleei»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko otsailaren 8a

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskara, bestela ez gara zikloa antolatu du, Joxe Manuel Odriozola (Altzo, 1948) idazleak Abertzaleak eta euskara hitzaldia eskainiko du gaur, Alondegian, 19:00etan. Abertzaleek euskararen inguruan dituzten ikuspegiez eztabaida sortzea izango da biharko saioaren helburua, ezta? Bai. Nazionalismo linguistikoaren inguruan arituko naiz. Nazionalismo mota asko daude; territoriala, sozioekonomikoa edota historikoa, kasu. Hala, nazionalismo linguistikoak gainontzekoekin duen loturaz jardungo dut. Gure herriaren egoera kontuan izanda, nazionalismo linguistikoa lehenetsi beharra dago, eta horren inguruko eztabaida sortzea da nire asmoa. Ez da ohiko hitzaldia izango; herritarren partaidetza sustatu nahi dute. Iritzi trukea planteatuko duzu, hala, euskararen garrantziaren inguruan. Abertzaleek nolako garrantzia ematen diote hizkuntzari? Gure herrian askotariko iritziak daude nazionalismoaren inguruan. Inork ez du euskararen balio sinbolikoa ukatzen; mundu abertzalean ere aspalditik oso aitortuta dago hori. Praxian, ordea, euskararen nazioa beti izan da bigarren mailako kontzeptua, nazionalismo territorialaren, politikoaren edota sozialaren ondoan. Euskararen nazioak burua altxatuko badu, aurrez nazionalismo hori sustatu beharko genuke; izan ere, nazionalismo mota horrek du presa handiena. Hizkuntza eta kultura asimilatu behar izan duen herria da Euskal Herria, eta krisian dago. Are gehiago, Euskal Herri ohia da egun, asmoz besterik ez baitago beteta. Euskararen gainbehera zerk eragin duela uste duzu? Euskararen etorkizuna ez dut ikusten mundu abertzaletik kanpo. Mundu abertzalea aipatzen dudanean, ordea, ez naiz alderdi politikoek kudeatzen duten munduaz ari, 700-800 mila inguruko masa kritikoaz, baizik. Boto kopuru horrek nazio politikoa nahi duela dio, baina gerora, hizkuntzarekiko ez da batere koherentea. Erdara da mundu abertzalearen hizkuntza nagusia, ahoz eta idatziz. Hortaz, mundu abertzaleak euskararen etorkizuna alde batera utzi badu, ez zait logikoa iruditzen identidate espainola edota frantsesa dutenei euskararen auzian inplikatzeko eskatzea.  Mundu abertzale horri, Euskadiri dagokionez, zerbait egin dezan eskatzen diot. Horren harira, aurreko saioan, Fermin Etxegoienek zera adierazi zuen: «Independentista amorratuena ere, arrazoi estetikoen eraginez, gaztelaniazale izan daiteke». Ados al zaude horrekin? Norbaitek ideologia politiko abertzalea badu, baina gerora, euskararekin ez badu gozatzen, horrek esan nahi du ez dela bere hizkuntza nagusia. Kontua da berak aldarrikatzen duen gozamen estetiko hori ez dela oso erraz lortzen den zerbait komunitate minorizatu batean. Euskaldungoa komunitate minorizatua da, eta hiztunak ezin du gozatu, hizkuntzaren beraren status eta erabilera mailak ez badaude normalizatuak. Pako Aristik dioen bezala, komunitate hori normalizatuta baldin badago, hiztunak gozatu egingo du hizkuntzarekin. Bestela nekez sozializatu dezake. Estetika eta identitate kontuak, hala ere, osagarriak dira. Hiztunak hizkuntzarekin gozatuko baldin badu, bere hizkuntza, kultura eta mundu sinboliko eta imajinario hori normalizatua daukala esan nahi du. Zer da lehenago, identitatea ala hizkuntza? Erabilerak sortzen du identifikazioa. Espainol batek edota frantses batek modu naturalean erabiltzen du bere hizkuntza, egoera linguistiko normalizatu batean hitz egiten duelako. Hala, hiztunak berak ez du auzitan jartzen bere identitatea. Identitate auziak beti daude lotuta gatazka egoerekin. Erabilera da hizkuntzaren gakoa. Hori dela eta, astirik baldin badut , euskara hizkuntza minoritarioen paradigma orokorrean kokatu nahiko nuke. Izan ere, euskarari gertatzen ari zaiona munduan zehar hizkuntza askori gertatzen zaio, eta garrantzitsua da marko teoriko orokor batean kokatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide