Estatu Batuetako pilota egutegiko txapelketa garrantzitsuenetakoa da Orlandoko RB Challenge proba, Citrus Tournament entzutetsuaren errebantxa bezala ere ezagutzen dena. Otsailaren 18an jokatuko da eta bertan izango dira Iñaki Osa Goikoetxea, Imanol Lopez eta Gotzon Enbil zumaiarrak. Enbilek Erik Mendizabal mutrikuarrarekin jokatuko du Dania Jai Alai ordezkatuz eta Goikoetxea eta Lopezek, berriz, Miami Jai Alai ordezkatuko dute.
RB Challengearen bigarren edizio honetan Goikoetxea eta Lopez zumaiarrak dira berriro ere irabazteko hautagai nagusiak. Iaz, estreinako txapelketan, eurak gailendu ziren binaka, eta pasa den urtarrilean jokatutako Citrus Txapelketa ere zumaiarrek irabazi zuten. Gotzon Enbil, aldiz, Mendizabalekin arituko da; Goikoetxea eta Lopezi aurre egiteko bikote sendoenetakoa osatzen dute.
Orlandoko RB Challengean kiniela sisteman jokatuko dira banakako zein binakako tituluak. Binaka, zortzi bikote txandakatuko dira kantxan eta hamar tantu lortzen dituen lehenengo bikoteak lortuko du titulua. Banaka, aurrelarien eta atzelarien arteko txapelak jokatuko dira, eta zazpi tantu egin beharko ditu titulua eskuratu nahi duen pilotariak. Hauek dira RB Challengean parte hartuko duten pilotariak:
MIAMI JAI ALAI: Goikoetxea-Lopez
DANIA JAI ALAI: Erik-Enbil eta Zulaika-Israel
DANIA-MIAMI: Angel-Cisneros (Mexiko ordezkatuz)
ORLANDO JAI ALAI: Olabe-Larru, Egiguren-Hernandez, Foronda-Alliez II
** Zortzigarren bikote baten izena falta da oraindik
EITBn ikusgai
Goikoetxea eta López zumaiarrek irabazi zuten iaz Orlandoko RB Challengea, binaka. Buruz buru, Solozabal nagusitu zen aurrelarien artean eta Alliez atzelarien artean. Aurten ere, kiniela guztiak internet bidez jarraitu ahal izango dira
www.orlandojaialai.com webgunearen bitartez.
Bestalde, EITB Orlandoko Citrus txapelketa ematen ari da egunotan. Estatu Batuetako txapelketa bat Euskal Herrian ikusi daitekeen lehenengo aldia da. Otsaileko
Jai Alai saioan botatzen ari dira Citrus txapelketa, ostegunetan, 22.30ean ETB K SAT katean.