Joxe Mari Perez Txuri ospitalean da egunotan. Burgoseko espetxean zela (Espainia), bihotzekoak eman zion pasa den asteartean. Haren arreba Pili Perezek jakinarazi duenez, hobera egin du haren osasun egoerak. «Ongi dagoela dio, baina minduta ikusi dugu. Ebakuntzaren ostean, shock egoeran dago oraindik». Gela arruntean dago dagoeneko, alta eman zain.
Pasa den asteartean eman zion bihotzekoak Txuri-ri. Kirola egiten ari zela, ondoeza sentitu zuen zarauztarrak, eta kartzelako sendagilearengana jo zuen. Besoko zein bizkarreko mina zuela esan zion medikuari, eta elektrokardiograma bat egin zion hark. Egoeraren larritasuna ikusita, erietxera bidali zuen zuzenean. Bertan kateterismoa egin ostean, stent bat jarri ziotela jakinarazi du presoaren arrebak. AIG Arta Intentsiboko Gunean egon zen ostegunera arte, eta gerora, gela arruntera eraman zuten.
Albistea, biharamunean
Zarauztarraren senideek ez zuten gertakutakoaren berri biharamunera arte izan, ordea. «Asteazken goizean espetxeko gizarte laguntzaileak deitu zigun, anaiari bihotzekoak eman ziola jakinarazteko». Espetxeko medikuak azaldu zizkien ebakuntzaren nondik norakoak, eta dagoeneko onik zegoela gaineratu.
Arratsalde horretan bertan bidaiatu zuten senitartekoek Burgoseko erietxera, Txuri bisitatzera. Oraindik AIGn zegoela izan zuten senideek gaixoa ikusteko aukera, ordu eta erdiz, gutxi gorabehera. Txandaka egon ziren senideak gaixoarekin. Txuri-ren arrebaren arabera, oraindik ezin da zehatz-mehatz jakin noiz eramango duten espetxera bueltan.
Ez da lehenbiziko aldia preso zarauztarrak osasun arazoak dituena. «Duela gutxi aldakatik operatu zuten, eta baita belaunetik ere». Espetxean 24 urte igarotzearen ondorioa dela dio Pili Perezek: «Anaiak aspaldi behar zuen kalean. 24 urte kartzelan daramalako dago dagoen moduan». Izan ere, espetxean gaixoak ez dituzte «behar bezala zaintzen».
Manifestazioa larunbatean
Jose Mari Perez Txuri zarauztarrak pasa den azaroan 24 urte bete zituen preso. 1987an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta 1989an epaitu zuten. 219 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Espainiako legediaren arabera, 2008ko abendutik aske egon beharko luke zarauztarrak. Parot doktrina dela-eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi urtez luzatu dio espetxealdia, ordea. Horren arabera, 2017ko azaroaren 16an askatuko lukete.
Ezarritako zigorraren hiru laurdenak beteta dituela, bizi osorako zigorra ezarri diotela eta gaixotasun larria duela salatzeko, Txuri kalera lemapean manifestazioa egingo dute larunbatean, 18:00etan. Udaletxe paretik abiatuko da.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau. Bertan ikus daiteke Txuri-ren egoera salatzeko herritarrek bereziki prestatutako bideoa:
http://zarautzbidean.wordpress.com/
