Zumaiako Musika Eskolak Mamu Festa antolatu du inauterietarako

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko otsailaren 7a

Zumaiako Musika Eskolak Mamu Festa antolatu du hilaren 17rako, inauterietarako. Izua eta fantasia uztartuko dituzte, hala. Urtero legez, herritarren parte hartzea sustatzeko, bi ikastaro antolatu ditu eskolak, doan. Ildo horretatik, Astindu dantza elkarteko kide Isaak Aranbarrik dantza eskolak eskainiko ditu otsailaren 9tik 14era, 20:15ak eta 21:15ak bitartean. Inaxio Tolosak, berriz, antzerki ikastaroa emango du, otsailaren 13tik aurrera, 20:00etatik 21:00etara. Eskolok jaso nahi dituenak otsailaren 10a bitartean eman beharko du izena, 18:00ak 19:15ak bitartean, musika eskolaren bulegoan. Ekimenon helburua askotariko arte adierazpenak uztartzea da, ikuskizuna sortzeko. Horretarako herritarrek parte hartzea ezinbestekoa da. «Hasieratik nahi izan dugu herritarrek festan parte hartzea, eta hala, herriko jaia bihurtzea», nabarmendu du musika eskolako Sofia Oriak. Ildo horretatik, kalejiraz gain, antzerkia, dantza eta musika izango dira nagusi datorren larunbatean. Tolosak zuzenduko du antzezlana, eta Elena Iruretak hartuko du parte, baita haren iloba Telmo Iruretak ere. Musika Eskolako haurrek egingo dute, berriz, dantza. Herritarrek ere izango dute saioan parte hartzeko aukera. «Nahiz eta ikastaroan ez parte hartu, unean bertan dantzatzeko aukera izango dute», azaldu du. Horiek Amaia Zinkunegi zarauztarrak material birziklatuarekin egindako jantziak eramango dituzte soinean. Ludotekaren eta eskolako haurren laguntza izan du jantziak sortzerakoan. Aurten, gainera, Ander Hormazuri zumaiarrak kartela sortu du festarako bereziki ,eta musika eskolaren kanpoaldean zintzilikatu, girotze aldera. 18:30ean abiatuko da kalejira Ubillos jauregitik, eta Ondartxo plazan amaituko da. Jarraian egingo dute Tolosaren antzezlana zein dantza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide