Parte-hartze araudia osatzen ari da Zestoako Udala, herritarren parte-hartze demokratikoa eta erakundearen gardentasuna bultzatzeko helburuekin. Joan den ostegunean zirriborroa aurkeztu zuen herritarren aurrean, eta orain ekarpenak jasotzen ari da. Hil honetako ohiko udalbatzarrean onartu nahi dute udal ordezkariek; hala azaldu du Leire Etxeberriak (Bildu), Zestoako alkateak.
Araudiaren zirriborroa egin dute, eta jendaurrean azaldu ondoren, ekarpenak jasotzen hasi dira udaletxean. «Aurrena herritarrei aurkeztu eta azaldu nahi genien araudiaren zirriborroa, eta behin azalduta, jendearen iritzia jasotzeko epea zabaldu dugu», dio alkateak. Joan den osteguneko batzarrean araudia aurkeztu eta herritarren galderak erantzun zituzten batez ere. «Jendeak orduantxe ezagutu zuen zirriborroaren edukia, eta batik bat galderak egin zituzten».
Herritarren ekarpenak otsailaren 16ra bitartean jasoko dituzte. Iradokizunak udaletxean utz daitezke, idatziz, baita Internet bidez ere; ekarpena egiteko orria Zestoako Udalaren webgunean, www.zestoa.net atarian dago eskuragai.
Udalaren parte-hartze araudiaren zirriborroa ere jarri dute ikusgai sarean. Alkateak dioenez, arau-sortan jasotako kontu asko dagoeneko martxan dago herrian. «Zenbait mekanismo abian da egun, baina guztia araudi batean jasota geldituko da horrela». Herritarrei bakarrik ez, EAJri ere pasatu diote zirriborroa. «Aurkeztu aurretik pasatu genien EAJkoei, kultura batzorde batean».
Ekarpenak jasotakoan ikusiko dute zer txertatu daitekeen araudian. Epeak luzatu edo ez ere ekarpenen arabera baloratuko dute. Baina hil honetako ohiko udalbatzarrean (otsailaren 23an izango da, azken ostegunean) onartu nahi dute araudia udaleko arduradun politikoek.
