Usadio zaharrari jarraituz, pasa den larunbatean ere Santa Agedako bezperako eskean baserriz baserri eta etxez etxe kantuan eta bertsotan ibili ziren oikiarrak.
Goizeko 08:30ean hotz egiten bazuen ere, Mantzior kultur elkarteko kideak ez ziren kikildu eta isildu gabe jardun zen Unai Gijarro, Unai Sarasua eta Iosu Manzisidor bertsolariek gidatutako 18 laguneko taldea. Aloña eta Maialen trikitilariek alaitu zuten eguna, abesbatzaren laguntzarekin.
Arratsalde- iluntze aldera, Arrate irratiak egindako zuzeneko konexioaren bitartez, saio alaia entzuteko parada izan zen.Jendea ederki zirikatu zuten bertsolariek.
Bildutako dirua Lodosako Ibaialde Ikastolari emango diote, bizi duen egoera zailari aurre egiteko beharko duen animoa helarazte aldera.

