Webgune "sinpleagoa, komunitateari garrantzia gehiago ematen diona eta diru sarrera propioak izatea errazten duena" aurkeztu du gaur eguerdian Uztarria Komunikazio Taldeak.
www.uztarria.com berrituaren berri
Sanagustin Kulturgunean eman dute eta bertan bildu dira herriko hainbat norbanako eta kultur eta gizarte eragile, tartean baita Eneko Etxeberria alkatea ere. Komunitatearen atalak garrantzia handia duela azpimarratu du Uztarria Komunikazio Taldeko kide Ane Aranburuk eta, dagoeneko hainbat norbanako eta talde apuntatuta dagoen arren, herritar guztiak animatu ditu parte hartzera: "Webgunea atzean duen komunitatearekin aberastu nahi dugu". Hala, datozen asteetan bilerak antolatuko dituzte herritarrek eta taldeek parte hartzeko zein aukera dituzten azaltzeko helburuarekin. Webgune berritua martxan da eta herritarrak atari berritua ezagutzera gonbidatu dituzte Uztarriako kideek.