Viveros San Antongo 3 txirrindulari leihatu ziren aurreko asteburuan Bordelen, Akitaniako txirrindulari onenekin batera. ARN SLEC pistako txirrindulari taldeak lagunduta, Viveros San Antongo Gorka Etxabe eta Haritz Eizagirre kadeteak eta Aitor Olaziregi Juniorra bertan izan ziren. Kadeteek eskratxean eta daniar lasterketan hartu zuten parte; eskratxean buelten zenbaketarekin nahastu egin ziren txirrindulariak—hegoaldean beste modu batera zenbatzen dute—. Hala ere, Eizagirre bederatzigarren postuan sailkatu zen; Etxabe 18.a izan zen. Daniar lasterketan, berriz, bigarren sailkatzea lortu zuen honek, eta Eizagirrek oso ondo erantzun zuen, 11. postuan sailkatuz.
Junior mailan Aitor Olaziregik, lesio bat eta gaixoaldi bat gainditu ondoren, itxura ona eman zuen Bordeleko egurrezko pistan; 15. eta 18. postuetan sailkatu zen bi eskratxetan. Bere ohiko estiloan kikildu gabe, erasokor leihatu zuen, azken emaitzarekin pentsatu gabe. Ondoren Alberto Agirre zarauztarrarekin bere bizitzako lehen madison proba osatu zuen. Teknikoki ederki erantzun zuten bi txirrindulariek; arazoa lasterketako erritmoa segitzea izan zen.
Bihar Gorka Etxabek eta Haritz Eizagirrek Gipuzkoako Pistako selekzioarekin leihatuko dute Bordelko belodromoan berriz ere, seguru aurreko asteko eskarmentua baliagarri izango zaiela.