Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalak aurreikusten duenaren arabera, 2011. urteko likidazioaren ondorioz, milioi bat euro itzuli beharko dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Itzulitako dirua foru fondoa finantziatzeko izango da. Baina ez da hori bakarrik aurten diputazioari itzuli beharreko kopurua. Izan ere, 2009an 1.953.955,73 euro itzultzea egokitu zitzaion Azpeitiko Udalari, eta orduan dirua hiru zatitan itzultzea hitzartu zuten bi erakundeek: dirua hiru urtetan banatuta itzuliko du Udalak, urteko 651.318 euro itzuliz. Beraz, aurten itzuli beharreko diru kopuru osoa 1.677.326,68 euro izango dela aurreikusi dute udaleko ogasuneko arduradunek.
Informazio guztia izan arte aurtengo aurrekontuak ez onartzea erabaki zuten Azpeitiko udaletxean arduradun politikoek, Manuel Unanue (Bildu) Ogasuneko zinegotziaren arabera, "aurrekontuak atzeratzeko hartu genuen erabakia ondo hartu genuen. Izan ere, astero-astero argazki desberdina daukagu eta horien arabera aurreikuspenak betetzen ari dira".
Azpeitian eta Gipuzkoan krisiaren eragina "latza" dela esan du Unanuek. Ondorioz, aurtengo udal aurrekontuak egin eta erabakitzeko orduan Udalak "hausnarketa serioa eta efizientea" egin beharra dauka. "Egin beharko dugun hausnarketak pentsatzen genuena baino sakonagoa izan beharko du", azaldu du Ogasuneko zinegotziak. Haren arabera, gaur eguneko egoeraren arabera, udal aurrekontuak orekatzeko bakarrik milioi bat euro behar ditu udalak.
Datozen urteotan, Azpeitiko udaleko diru sarrerak "nabarmen gutxituko" direla esan dute. "Zerbitzu publikoak bermatzeko egoera berrira moldatu beharko dugu", aurreratu dute.