‘Kalapitxixen’ azken hegaldia

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 3a

  Gabeko kalapitxixak proiektuari bukaera emango dio Piztiak musika taldeak. Duela bi urte pasatxo izenburu bereko diskoa eman zuten argitara, baina sormenari ez zioten hegorik moztu, eta, paraleloki, beste diziplina batzuk landu zituzten abentura horrekin lotuta. Abestiak sortzen joan ahala Josu Aranberri taldekideak egin zituen margolanekin erakusketa ibiltaria antolatuko zuten, eta, aldi berean, bideoklip pare bat ere ekoitzi zituzten, betiere zuzeneko emanaldiak baztertu gabe. Orain, zirkulua ixte aldera, Gabeko kalapitxixak. Zelan ein zan film dokumentala aurkeztuko dute gaur gauean, 23:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean, Azpeitian, eta, jarraian, kontzertua emango dute, diskoko abestietan oinarrituta batik bat. Ikus-entzunezkoak proiektuaren bilakaera jasotzen du, hasierako ideiatik zuzeneko aurkezpenera arte. «Sortze prozesua, entseguak, grabazioa eta zuzenekoa jotzen. Hurrenkera horretan dago egituratuta dokumentala. Dena dela, ez dira irudiak bakarrik ikusten, jendeak sentipenak eta irudipenak azaltzen ditu une horietan; besteak beste, soinu-teknikariak, Pettik, ezagunek eta familiako kideek. Nahiko xelebrea da, egia esan», adierazi du taldeko abeslari eta gitarra-jotzaile Txomin Uribek. Taldeak berak ekoitzi du dokumentala, Aranberriren gidaritzapean. Bideoak agerian uzten du Gabeko kalapitxixak proiektu osoa izateko jaio zela hasiera-hasieratik. Alde horretatik, talde berezia dela onartu du Uribek: «Hirugarren diskoa ideia soltez osatu genuen; ondoren, Zero disko-liburua atera genuen, Kirmen Uribe anaiarekin elkarlanean; hurrena, Euriaren zain izenekoa, irudiekin landuta. Orain arte, bi atal diziplina bakar batean jaso dugu, baina azken hau erabatekoa izan da». Film dokumentala ofizialki gaur aurkeztuko duten arren, aurretik erakusketa ibiltarietako batean ere emana dute; nolabait ere, gertukoen artean. «Ikusi dutenak gustura geratu dira emaitzarekin», azaldu du Uribek. Eta gaur gaueko emanaldian ere jendea sentipen berarekin geratzea espero du, baldin eta eguraldiaren eta hotzaren eraginez etxean geratzen ez bada. Argi bat itzaltzen denean, beste bat pizten da. Trantsizio horretan, proiektu berria izan daitekenarekin lanean jarri dira dagoeneko Piztiak. «Abesti asko eginak ditugu jada». Baina disko berria argitaratzeko datarik ez dute jarri oraindik. Izan ere, «grabatzeko eta ondoren kaleratzeko arazo handiena ekonomia da». Nolanahi ere, ez dute Gabeko kalapitxixak bezalako lan osorik egiteko asmorik. Proiektu berria nahiko «free (aske)» lantzen doazela dio Uribek. Hain zuzen ere, taldekide bakoitza bere aldetik ari da konposatzen: «Beharbada, datorrena disko normalagoa izango da, baina gurekin ezin daiteke inoiz jakin».척

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide