Zestoako santa eske taldearen 20 urteak bildu dituzte liburu batean

Nerea Uranga 2012ko otsailaren 3a

Aurtengo saioa berezia izango da Zestoako santa eske taldearentzat. Elkarteko kide Xabier Unanuek Zestoako taldearen 1992tik 2011ra bitarteko koplak bildu ditu Santa Ageda koplak Zestoan liburuan, eta DVD batekin lagunduta argitaratu du. Gaur aurkeztuko dute DVDa, kultur etxean antolatu duten emanaldian, 19:30ean. Bertan, gainera, taldean poltsero ibilitako Luis Mendizabal Gexala-ri esker ona azalduko diote. Bihar, berriz, santa eskean ibili ondoren, liburua aurkeztuko dute Gure Txokoa elkartean, 20:30ean. Segidan bertso afaria egingo dute Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin. Santa Ageda bezperako saio berezia izango dute aurten Zestoan, baina aurkezpen ekitaldi handirik eta jendetsurik ez dute antolatu nahi izan. «Liburu hau Zestoako kontu bat da, Zestoako santa eskeko taldeak egindakoa, eta aurten asteburua egokitu delako bertso afari baten bueltan egingo dugu. Baina prentsaren aurreko ekitaldirik-eta ez dugu egin nahi izan. Bertsolaritza eta koplak gustatzen zaizkionarentzako lana da. Herri mailako lana da, eta bestelako merezimendurik ez du lan honek», dio Xabier Unanue egileak. Santa eskea, betitik «Nik, Santa Ageda bezperan beti ezaguru izan dut santa eskea Zestoan. Uztapide ezagutu dut eskean, eta Txapel ere aritu izan da Zestoan santa eskean. liburuaren azaleko argazkian ikus daitekeen bezala», dio Unanuek. «Lehendik eskean irteten zuen lagun taldera jende berria gehitzen joan da, eta, hala, urtero irten [...]

Xabier Unanue eta Xabier Etxabe

Xabier Unanue, kopla biltzailea eta liburuaren egilea, Xabier Etxabe Zestoako santa eske taldeko kidearekin Uztapideren irudiaren ondoan, Zestoako Uztapide plazan (Argazkia: Nerea Uranga)

Aurtengo saioa berezia izango da Zestoako santa eske taldearentzat. Elkarteko kide Xabier Unanuek Zestoako taldearen 1992tik 2011ra bitarteko koplak bildu ditu Santa Ageda koplak Zestoan liburuan, eta DVD batekin lagunduta argitaratu du.
Gaur aurkeztuko dute DVDa, kultur etxean antolatu duten emanaldian, 19:30ean. Bertan, gainera, taldean poltsero ibilitako Luis Mendizabal Gexala-ri esker ona azalduko diote. Bihar, berriz, santa eskean ibili ondoren, liburua aurkeztuko dute Gure Txokoa elkartean, 20:30ean. Segidan bertso afaria egingo dute Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin.

Santa Ageda bezperako saio berezia izango dute aurten Zestoan, baina aurkezpen ekitaldi handirik eta jendetsurik ez dute antolatu nahi izan. «Liburu hau Zestoako kontu bat da, Zestoako santa eskeko taldeak egindakoa, eta aurten asteburua egokitu delako bertso afari baten bueltan egingo dugu. Baina prentsaren aurreko ekitaldirik-eta ez dugu egin nahi izan. Bertsolaritza eta koplak gustatzen zaizkionarentzako lana da. Herri mailako lana da, eta bestelako merezimendurik ez du lan honek», dio Xabier Unanue egileak.

Santa eskea, betitik
«Nik, Santa Ageda bezperan beti ezaguru izan dut santa eskea Zestoan. Uztapide ezagutu dut eskean, eta Txapel ere aritu izan da Zestoan santa eskean. liburuaren azaleko argazkian ikus daitekeen bezala», dio Unanuek. «Lehendik eskean irteten zuen lagun taldera jende berria gehitzen joan da, eta, hala, urtero irten dute eskean», dio Xabier Etxabe santa eskaleak. «Beti sartzen da jende berria taldean. Orain, lauzpabost lagunek antolatzen dugu santa eske taldea».

Gurutzetik abiatzen dira urtero, arratsaldeko hirurak aldera, eta Akoa eta Lili bailarak egiten dituzte. Azken urteetan, baita Etorra ere. Aurten, ordea, santa eske berezia, zabalagoa, egingo dute. Goizez, Etorra eta Lili egingo dituzte eta arratsaldean Akoa eta herriko kale batzuk. Bi taldetan banatuta ariko dira eskean. «Batik bat erretiratuek osatzen dute taldea, baina orain langabezian dauden batzuk ere etortzen dira», diote.

Urte askotako historia du Zestoan santa eskeak, baina Unanuek 1992tik 2011ra bitarteko koplak bildu ditu. Grabagailuarekin joan, eta denak jaso ditu. «Urte batekoak falta zaizkit, 1998koak. Baten bati emango zizkioten, akaso». Gainontzean, Zestoan azken urteetan kantatutako kopla guzti-guztiak bilduta ditu, grabazio eta guzti. «Zortzi bat mila kopla dira denera, urtero batez beste 40 bat baserri eta taberna pasatzen ditugulako». Libururako zenbait aukeratu du, milatik gora.

DVDa liburuaren osagarri bezala atera dute. «DVDak liburua jantzi egiten du». Bertan, argazkiak, hamabost bat minutuko bideo bat, eta Super8-an grabatutuako 80ko hamarkadako saio bat jaso ditu. «Iñaki Murua azaltzen da Zestoan koplatan. Irudi oso txarrak dira, baina guretzako maiteak, urte asko dituelako, eta Mardu xaharra azaltzen delako».

«Santa eskea herri askotan egiten da, baina ez da ezer jasotzen. Unanuek, ordea, jaso egin du grabazioen bitartez eta bilduma bat osatu du», kontatu du Etxabek. Horretarako Joxemari Iriondoren laguntza izan du zestoarrak. «Ni grabatzen eta jasotzen joan naiz, eta jende batek horren berri jakindakoan, liburua egitea proposatu zidan», dio egileak.

Herriko taldearen testigantza
Liburua ateratzeko aukera izango lukeela jakingo balu, grabazio hobeak egiten saiatuko zela dio Unanuek. «Kamera hartu eta grabatu egingo nituen santa eske saioak. Baina nik garbi utzi nahi dut: bertako kontu bat da, Zestoarako balioa duena. Daukan balioa du honek».

Azken 20 urteetan taldearekin zein bertsolariekin jardun duten ere aipatzen du liburuan Unanuek. Manuel Olaizola Uztapide II.-a, Nikolas Zendoia, Jesus Iribar Olalde, Oskar Alberdi, Garikoitz Lopetegi eta Millan Telleria dira koplari ibilitakoak Zestoan. Horien biografia txiki bat ere gehitu du liburuan Unanuek, baita Zestoako taldearekin zenbat urte daramaten ere. «Aurten, gainera, Aitor Salegi beste gaztea hasiko da gurekin.

Azpeitiko Matxinbentako eta Errezilgo santa eske taldeak ere koplatan asko jardundakoak direla ekarri du gogora Unanuek. «Nik liburu honekin Zestoako santa eskea nola ezagutu dudan kontatu dut, eta hemen kantatutako koplak jaso eta bildu ditut», dio Unanuek. Taldeko kontua dela diote biek ala biek, herrirako kontua.

Bihar herri inguruko bailaretako baserrietan santa eskekoen zain egongo dira. Hala, liburua ere haiei eskaini die Unanuek: «Urteak joan eta urteak etorrui Santa Ageda bezperan santa eskaleoi ateak irekitzen dizkiguzuten guztioi, bihotzez».

—————————

Liburua eta DVDa
-Izenburua. Santa Ageda koplak Zestoan.
-Egilea. Xabier Unanue (Zestoa, 1943).
-Orrialdeak. 296 orrialde.
-Tirada. 600 ale.
-Argitaratzailea. Gipuzkoako Foru Aldundia, Auspoa eta Zestoako Udala.

—————————-

Egitaraua
aia
Otsailak 4, bihar.
- 09:00etan, Andatza auzoko herri eskolako gurasoek antolatuta, baserriz baserri ibiliko dira haurrak kantuan.
-09:30ean, plazan elkartuko dira herritarrak, eta baserriz baserri kantuan ibiliko dira.
- 17:30ean, plazan elkartuko dira herritarrak, eta herrigunean santa eskea egingo dute.
- 19:30etik 22:00etara pintxo poteoa antolatu dute. Zuritoa, urteko ardoa, muztioa eta ura eta pintxoa euro eta erdian eskuratu ahalko da; edo, garagardoa, ardo ondua, freskagarria, kalimotxoa edo ura, eta pintxoa bi eurotan.

aizarnazabal
Otsailak 4, bihar.
- Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Elkarteak antolatuta, santa eskea. Herriko 25 lagun inguru irtengo dira eskean. 09:00etan abiatuko dira, udaletxe aurretik. Egun osoan ibiliko dira koplari Aitor Mendiluze dutela. Aurrena, auzo guztietatik igaroko dira: Saiatz, Erreka, Etxabe, Zubialde eta Muitzagain. Ondoren, herrian ibiliko dira. Mikel Elkartean afalduta, santa eskeari bukaera emango diote. Aurten bilduko duten dirua Adiskide bertso elkarteko urteko gastuentzako izango da.

azkoitia
Otsailak 4, bihar.
- 17:15etik 20:00etara bitartean kaleetan eta tabernetan ibiliko dira santa eskean, trikitiarekin. Bildutako dirua Beninen kalean bizi diren umeei laguntzeko programa baterako izango da.

azpeitia
Otsailak 3, gaur.
- 09:30ean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain koplak abestuko dituzte. Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastolakoak Perdillegira joango dira aurrena, eta ondoren Euskal Herria kaleko ikastetxera joango dira kantari.
- Goizean, Iraurgi Ikastetxean, San Blasen omenezko ospakizuna egingo dute, opilak eta gainontzeko janariak bedeinkatuz. 12:00etan, berriz, Betharrametan LH eta DBHko ikasleek koplak abestuko dituzte. Eta 16:30ean HHko ikasleek abestuko dituzte.
- 16:30ean, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, ikasleek santa eskeko koplak abestuko dituzte.
Otsailak 4, bihar,
Matxinbentan.
- 08:00etan, Matxinbentakoak eskean aterako dira. Agin Rezola bertsolariarekin eta Laja eta Izer trikitilariekin.
- Iluntzean, Matxinbentan, auzo afaria, eta erromeria Lidia Irigoien eta Xabier Etxanizekin.
pOtsailak 5, igandea,
Santa Ageda eguna,
Matxinbentan.
- Goiz eresia Azpeitiko txistulariekin.
- 11:00etan, meza nagusia,
Matxinbentako parrokian.
- Ondoren, haur jolasak eta
pilota partidak. Goiz osoan
artisau azoka egongo da ikusgai.
- 17:30ean, herri kirolak. Aimar Irigoien eta Joxeramon Iruretagoiena Izeta II.-a harri-jasotzaileak eta aizkoran Azurmendi eta Olasagasti.
- Egun guztian, Itzeder eta Joseba trikirilariak ariko dira Matxinbentan.

getaria
Otsailak 4, bihar.
- 08:30ean, plazan elkartuko dira, eta San Prudentzio, Askizu eta Meaga barrena arituko dira santa eskean.

orio
Otsailak 4, bihar.
- 18:00etan, Orioko Herri Ikastolako ikasleak elkartuko dira. Ikastolatik abiatuta, herrigunean ibiliko dira kantuan. Antolatzaileek esan dute edonork dezakeela parte ekimenean.

zarautz
Otsailak 4, bihar.
- 11:00etan, Antoniano Ikastetxeak antolatuta, bi ibilbide egingo dituzte. Batzuk udaletxe aurrean abestuko dute aurrena, gero Musika Plazan, eta ondoren Torre Luzean. Beste batzuek alderantzizko ibilbidea egingo dute. Ikastetxea mendeurrena ospatzen ari da, eta kopla bereziak egin dituzte.
- 15:00etan, Salbatore Mitxelena ikastolatik irtengo dira, eta San Pelaio eta Bertsolari plaza inguruan ibiliko dira abesten.
- 18:00etatik 20:00etara bitartean, Txinpirin, Zarautz Txiki eta Zarautz abesbatzek koplak abestuko dituzte kaleetan.

zestoa
Otsailak 3, gaur.
- 17:00etan, Ertxiña Musika Eskolako trikitilariak eta pandero-jotzaileak kalejiran San Juan egoitzara joango dira. Ondoren, kaletik buelta bat emango dute.
- 18:00etan, Santa Engrazi baselizan, Santa Agedari lore eskaintza.
- 19:30ean, kultur etxean, Santa Ageda koplak Zestoan
DVDaren aurkezpena. Ondoren, hainbat urtetan taldekide izandako Luis Mendizabal Gexala-ri esker ona azalduko diote.
Otsailak 4, bihar.
- Goizetik, santa eskea.
- 20:20ean, Gure Txokoa elkartean, Santa Agedako koplak Zestoan liburuaren aurkezpena. Aurkezpenean parte hartuko dutenak: Leire Etxeberria Zestoako alkatea, Xabier Euzkitze, Javier Kalzakorta eta Xabier Unanue.
- Ondoren, bertso-afaria, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin. Afarirako txartelak Koiote tabernan daude salgai, liburua barne 30 euro balio dute.

————————-

Getariarrek lehen aldiz San Prudentzion, Askizun eta Meagan egingo dute santa eskea

Santa Ageda bezperan, ohi bezala, santa eskean arituko dira baserriz baserri inguruko herrietan. Aurten, Santa Ageda bezpera larunbata izanik, Getariako Bertso Eskolak lehenengo aldiz herriko auzoetarako ekimena antolatu du; herritarrek, iragarritako hotzari aurre eginez, herri inguruan ibiliko dira koplak kantatuz eta eskean, trikitilarien eta bertsolarien laguntzarekin.
Estraineko aldiz, ez du nolanahiko ibilbidea prestatu taldeak. Izan ere, herriko plazatik abiatuta, San Prudentzio, Askizu eta Meaga auzoetan barrena ibiliko dira. 08:30ean elkartuko dira horretarako, plazan, eta lehenengo geldialdia Askizun izango dute. Ez dute, ordea, guztia kantua izango. Hamaiketakoa egingo dute auzoan, aurretik duten egun luzeari eutsi ahal izateko indarrak hartzeko. Handik Meagara joan, eta auzoan bazkalduko dute. Arratsaldean, berriz, herriko plazara jaitsiko dira, eta bertan txokolate-jana egingo dute. Getariako kaleetan barrena egingo duten kantu poteoarekin amaituko dute santa eskea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide