Udalaren komunikazioaz arduratuko den enpresa aukeratzeko prozesua abian jarri dute. Lehiaketa itxi negoziatua antolatu du erakundeak, eta hiru komunikazio enpresen artean eskaintza onena aurkezten duenak eskuratuko du postua. Udalak Komunikatu MM enpresa dekretu bidez kontratatu zuen pasa den urteko abuztuan, erakundearen komunikazio arloaz ardura zedin. Hiru hilabete pasatu ostean, azaroan, amaitu zen udalaren eta enpresaren arteko aipatu kontratua, eta ez zuten berritu.
Oposizioaren salaketa
Orain, Udalak hiru enpresa gonbidatu ditu leihaketa itxian parte hartzera eta horiek asteazkenera bitarteko epea izango dute euren eskaintza aurkezteko. Datozen egunetan aukeratuko dute udalaren komunikazioa bermatzeko enpresa egokiena zein den.
Oposizioa ez dago ados Udal Gobernuak komunikazio enpresa kontratatzeko abiatu duen prozesuarekin. PSE-EEko Patxi Elolak, esaterako, «usain txarra» hartu dio aipatu prozesuari: «Ez da kasualitatea Zarauzko Bilduk Komunikatu kontratatu izana, Donostiako Udaleko aholkulari den zarauztarraren enpresa bera dela jakinda. Zarauztar hori, gainera, Zarautz Zero Zaborreko arduradun ere bada». Ildo horretatik, «agintera iritsi orduko euren erara jardun» dutela salatu du, eta horren adibide gisa aipatu du Garbitania eta Komunikatu enpresak kontratatu dituela.
EAJko Imanol Lasak prozesua «atzeko atetik» egin dutela salatu du: «Udal Gobernuak komunikazio enpresa edota aholkulari bat kontratatzea ongi ikusten dugu. Baina, horretarako lehiaketa publikoa deitu edota aholkularia zuzenean kontrata dezake. Hiru enpresa lagun gonbidatzea, finean, iruzurra da». Lasarekin bat egin du PPko Rafa Olaizolak: «Enpresa guztiek izan behar dute aukera Udalaren komunikazioaz arduratzeko, ez euren lagunek soilik». Aralar-EBko Andoni Ibargurenek «egokiago» ikusi du kontratazioa «zuzenean» egitea, «azpikontratazio politika sahiestuz».