Orioko Basherri taldeak makrobiotika ikastaroa antolatu du otsaileko lau larunbatetarako. Jexux Larretxea (Arantza, Nafarroa, 1954) adituak eskainiko ditu saioak, eta lehenengoa otsailaren 11n izango bada ere, oraindik izena eman daiteke, Lore burdindegian, 180 euroren truke. Ikastaroa Orioko Herri Ikastolako jangelan egingo dute, goiz eta arratsaldez. Larretxearen ustez, lurrak emandako baliabideak aprobetxatzea, bizi osasuntsua izateko ez ezik, zoriontasuna lortzeko gakoetako bat da.
Makrobiotikaren barruan korronte dezente daude. Zein da zuek jorratuko duzuena?
Niretzako makrobiotika bakarra dago, korrontearen barruan askotariko jarraitzaileak baldin badaude ere. Jarraitzaile batzuk gaixotasun zehatzak sendatu ahal izateko erantzun bila gerturatzen dira makrobiotikara; beste batzuk, berriz, gaixotasunak prebenitzeko erabiltzen dute. Nik, nire esperientziatik abiatuta, makrobiotika gaixotasunei aurrea hartzeko tresna gisa ulertzen dut.
Nola har daiteke aurrea gaixotasunei?
Norberaren elikadura egoera psikikoarekin eta emozionalarekin orekan badago, pertsona ez da inoiz gaixotuko, eta zoriontsuago izango da.
Zer zerikusi du zoriontasunak dieta makrobiotikoarekin?
Zoriontasuna modu askotara uler daiteke. Ametsak eta jomugak lortzeko, sustraiak ezagutu behar dira; elikadurarekin ere harreman zuzena du horrek. Janari oldarkorrak hartzen badira, gehiago kostako zaio gorputzari liseriketa egitea, eta, beraz,
zoriontsu izatea oso zaila izango da.
Egun fisikoari begira bizi gara, eta jateak ematen digun plazeretara mugatzen gara. Ikusi nahi ez duguna ezkutatzeko edo,
barrura begiratu beharrean, sabela ondo betetzen dugu, eta buruan energia gutxiago izaten dugu.
Orduan, elikadura zoriontasunarekin lotuta al dago?
Erabat lotuta dago. Pertsona batek benetan zoriontsu izan nahi badu, ez die gauza materialei bakarrik begiratuko. Alde psikikoari begiratu behar dio, eta barruak agintzen diona egin behar du. Horretarako, janari bat edo bestea jatearen artean izugarrizko aldea dago.
Zein elikagai lehenesten dituzu zoriontasuna lortzeko?
Gauza hilak janda ezin da eskuratu benetako zoriontasuna. Lurretik gatoz; kontuan izan behar da hori. Beraz, neurri handi batean lurrak emandako elikagaiak jan behar ditugu: lekak, barazkiak, laboreak, fruitu lehorrak... Gero, noizean behin, plazerez, jan daitezke proteina animaliak.
Elikaduraz gain, ordea, naturaren energia ere kontuan hartu behar da. Egun ahaztuta dugu, baina ilargiaren eta eguzkiaren energia ere aintzat hartzekoak dira. Lurreko eta zeruko energiek eragin handia dute gure bizitzan.
Makrobiotikaren oinarrian dago ying-aren eta yang-aren arteko oreka.
Energia horiek guztiak
ying-aren eta
yang-aren bitartez orekatzen ditugu. Lurretik gorako indarra
ying da, eta goitik beherakoa, berriz,
yang. Elikatzerako orduan, jakiak kontuan izan behar dira, baina baita horien kolorea, pisua, forma eta usaina ere.
Bien arteko oreka oso garrantzitsua da. Batetik gehiegi jaten badugu, gaixotu egingo gara. Adibidez, animalia proteinak
yang dira, eta proteina horiek asko jaten dituen gizakiak ezin du oreka lortu. Baina gaia sakonagoa da, eta
ying-a eta
yang-a ulertzeko denbora asko behar da.
Hori guztia ikastaroan ikasiko al duzue?
Bai. Saioak goizez eta arratsaldez izango dira, eta eduki teorikoak eta praktikoak landuko ditugu. Goizean saio praktikoak izango dira, eta bertan prestatutakoarekin bazkaldu egingo dugu. Saio teorikoetan, berriz, lehenengoan ying-ren eta yang-aren arteko norberaren oreka landuko dugu. Bigarrengoan janariaren eragina jorratuko dugu, eta hirugarrengoan, berriz, alderdi psikikoak energiaren bidez ezagutuko ditugu. Azkeneko saioan emozioak eta espiritualtasuna landuko ditugu.
Oro har, zer onura ditu makrobiotikak?
Norbera bere osasunaren jabe izatea ahalbidetzen du makrobiotikak. Hori da onura handiena. Garaiko janaria, naturala eta bertakoa jaten bada, odol berria sortzeko ahalmen gehiago izango dugu, eta gorputzak garbitzeko indarra izango du, gaixotzeko arriskua murriztuz.
Bestetik, zelulak eraberritzen ere laguntzen du elikadura orekatuak. Badaude 25 urte inguruko gazteak 60 urteko pertsona baten aurpegiko zeinuak edo azala dutenak; zahar itxura saihesten du janari naturalak.
Horrez gain, murtxikatzea ahaztu zaigu egun. Ez dakigu zer mugimendu egin behar ditugun elikagaiaren sentsazioa eta zaporea sentitzeko. Otorduei denbora gutxi eskaintzen diegu, eta azkar jaten dugu. Horregatik, zapore gogorreko lau elikagai jaten ditugu beti, eta liseriketan eragina du horrek; eta giltzurrunetako eta esteetako gaixotaxunak sortzen dira, haserre daudelako. Eta, oso berandu ez bada behintzat, gaixotasunak sendatzeko aukera ematen du makrobiotikak.