Getariako Udalak aurtengo inauterietako kartel lehiaketa jarri du abian. Lanak otsailaren 8a baino lehen aurkeztu behar dira, udal bulegoetan edo liburutegian. Kartelek testu hau izan behar dute derrigorrez: Getariako inauteriak 2012 eta… esaldiari lema batek jarraitu beharko dio. Lanak aurkezterako orduan, gutun azalean egilearen izenak eta datuak idatziko dituzte. Hilaren 8ko 19:00ak izango dira lanak uzteko azken ordua, eta ordutik aurrera ez dute onartuko kartelik.
Epaimahaia, berriz, Getariako Udaleko Kultura Batzordeak, herriko artistek eta Herri Eskolako haurrek osatuko dute, eta taldeak otsailaren 9an hartuko du erabakia. Ondoren, saridunaren kartelak inauterietako jai egitaraua iragarriko du.
Lehiaketa getariarrei zuzenduta dago. Udalak adierazi duenez, «edozein eratako» lanak onartuko dituzte antolatzaileek, baina 16 urte baino gutxiago dutenek eskuz egin beharko dituzte kartelak. Guztiak, A3 neurrikoak izango dira, eta parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du.
Antolatzaileek guztira bost sari banatuko dituzte. Bi urtetik LH 6. mailako bitarteko haurrek margotzeko materiala jasoko dute; DBH ikasten ari direnen arteko irabazleak 60 euro irabaziko ditu, eta helduen mailan 150 euro emango dizkiote saridunari. Aurkeztutako lan guztiekin, berriz, erakusketa egingo dute udaletxeko sarreran, hilaren 13tik 19ra artean.