«Aurrekontu orekatua osatzea lortu dugu, gastuak eta sarrerak parekatuz. Nahikoa meritu badu honek, udalak urte askoan gehiegizko gastu maila izan baitu», adierazi zuen Getariako ogasun zinegotzi Aitor Irigoienek herenegungo osoko bilkuran. 21012rako aurrekontuen behin behineko proposamena aurkeztu zuen Getariako Udal Gobernuak bertan. Hala, 3.146.421 eurokoa izango da Getariako Udalaren aurtengo aurrekontu propioa; 3.146.896 eurokoa, berriz, aurrekontu bateratua—Getaria Lantzen elkartea bere baitan hartuta—. «Aurten gastuak doitu behar izan ditugu, baina aurrera begira ezinbestekoa izango da gehiago murriztea», nabarmendu zuen.
Hamabost eguneko epean jendaurrean egongo da aurrekontu proposamena, herritarrek zein gainontzeko alderdiek ekarpenak egin, eta gerora behin betiko aurrekontuak osatze aldera. «Behin behineko aurrekontu hauek irekiak dira, eta datozen egunetan jasoko ditugun proposamenekin osatzeko asmoa dugu».
Behin betiko onespena
Behin-behineko onespena eman zion Getariako Udalbatzak aurrekontu proposamenari, Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin. «Aurrekontu hau lantzerakoan, Bilduren eta Aralarren arteko elkarlanak fruituak eman ditu, eta elkarren artean aurrekontu egokiak izatea lortu dugu», adierazi zuen Irigoienek.
EAJ, berriz, abstenitu egin zen, «estu-estu koadratutako aurrekontuak dira», argudiatuz. Diru partidak osatzeko Bilduk aurrera eramandako estrategiarekin ez daudela ados gehitu zuen Uxoa Larrañaga zinegotziak, ez duela parte hartzea sustatu: «Oposizioko alderdi nagusia izanik, ez zarete gurekin eseri ere egin. Aho betez darabilkizue parte hartze hitza. Hau al da bultzatu nahi duzuen parte hartzea?».
Hori dela eta, abstenitu egin zen alderdi jeltzalea. «Hala ere, joan den astean jasotako informazioarekin gure lehenengo balorazioa egin nahiko genuke; behin buletinean publikatu, eta hamabost eguneko epean azterketa sakonagoa egin ostean, gure emendakinak aurkeztuko ditugu». Aralarreko zinegotzi Aitor Bikuñak, berriz, Bilduk aurrekontuak elkarlanean osatzera gonbidatu zuela-eta, «hori da bidea» nabarmendu zuen. Hala, elkarlan hori gehiago zabaldu dadin eskatu zuen. «Aurrekontua osatzeko mugak daude. Austeritatearekin jokatu behar da, baina inbertsioak modu egokian planteatu dira», gehitu zuen.
—————————-
Getariako 2012rako aurrekontu proposamenaren puntu nagusiak
Gastuak
Pertsonal gastuak.
- Goi karguen soldatak: %56 jaitsi. Bi liberatutik batera pasatu da.
-Zinegotzien dietak: %20 jaitsi.
-Langileen soldatak: %1 igo 45.000 eurotik beherako soldata dutenei.
-Turismo bulegoa: urte guztian irekita mantentzeko turismo tekniari bat kontratatuko dute.
Gastu arruntak.
-Parke eta lorategien mantenua: 80.000 eurotik 60.000 eurora jaitsi.
-Eskailera mekanikoak: 8.000 euro inguru jaitsi dute, «gastua jasanezina» baita.
-Festak: 32.000 euro aurreztea aurreikusi dute. Filosofia aldaketa proposatu dute: herriko eragileen parte hartzea, eta, bitartekariak alde batera utziz, kontratazio zuzenak egitea.
-Hondartzen zaintza: «Gastuak handiegiak» direnez, inguruko herriekin elkarlana sustatzeko
asmoa dute.
Transferentzia arruntak.
-Herriko elkarteak: laguntzak mantenduko dituzte, eta handitzen ahalegindu. Gobernuz kanpoko erakundeei 20.000 euro emango dizkiete; Artzaperi laguntza handituko diote (10.000 euro); Ueman sartzea aurreikusi dute eta memoria historikoa berreskuratzeko elkarteak zein naziogintzan dabiltzanak lagunduko dituzte.
pInbertsioak.
-Aldamar parkea hornitu eta estaltzea aurreikusi dute.
-Herrian adierazguneak jarriko dituzte, kartelak zein udal informazioa jartzeko.
-Aurrera begirako obrak zehazteko hainbat azterketa egiten ari dira.
-Eskailera mekanikoen eta Erribera kaleen arteko eremua konponduko dute.
-Malkorbe kaleko saneamendua.
Sarrerak
Zergak eta tasak. Ordenantza fiskalen arabera igo.
Diru laguntzak. Jaitsi.