Zer da maitasuna? Eta unibertsoa? Zein da arerioa? Euslandia, hitzetan eta marrazkietan ikuskizunak halako eta bestelako gaien inguruan hausnartzea du helburu. Ostiralean izango da ikusgai Garoa liburudendan, 19:30ean, Concetta Probanza eta Miriam Luki urretxuarren eskutik. «Ikusleek une batez mugikorra itzali, egun daramagun bizitzan hain presente dagoen presa alde batera utzi, eta nork bere buruari behin eta berriz egindako galderen inguruan hausnartzea nahi dugu», dio Probanzak.
Asmoa ez da, ordea, erantzunak aurkitzea edota ikusleak ikuskizunetik ideiak garbi dituztela irtetea. Zarautzen bizi den marrazkigilearen esanetan, «galdera irekiak dira, eta ez dute erantzun ziur bana; ez dira behin betikoak». «Oro har bizitza kontrolatzen saiatzen gara, buruak hala eskatzen digulako. Zoriak, hala ere, presentzia handia du gure bizitzan, eta ezer gutxi egin daiteke horren kontra. Egun batetik bestera alda daiteke bizitza».
Zoriak baldintzatuta
Zoria izango da, hain justu, ikuskizunaren oinarrietariko bat. Izan ere, ikusleek ordenatuko dute gidoia. Lukik eta Probanzak txapela batean sartuko dituzte askotariko galderak eta bertaratzen direnek bana aukeratu eta altuan irakurriko dituzte, «zoriak markatutako ordenean». «Modu horretan, ikuskizuna inoiz ez da izango bera, zoriak baldintzatuta egongo da, eta bat-batekotasunak tartea izango du ikuskizunean», azaldu du.
Hala, ikusleek egindako galderetan oinarrituta, erantzunak ematen saiatuko dira bi artistak: Lukik poesiak errezitatuz, eta Probanzak zuzenean marraztuz. Horri guztiari musika gehituko diote; ez nolanahikoa, gainera. «Galdera bakoitzari abesti bat dagokio, apropos aukeratutakoa. Hala, askotariko kantuak jarriko ditugu, Ruper Ordorikaren abesti batetik hasi eta Paco de Luciaren Aranjuezeko kontzerturaino».
Zarauzko saioa berezia izan dadin, gainera, bi galdera gehitu dituztela jakinarazi du Probanzak: Zer da modernitatea? eta Zer da aberria?. «Nik euskarri digitalean marrazten dut, ordenagailu bidez, eta gerora pantaila handi batean ikusten da sortu berri dudana. Pantaila hori bederatzi koadrotan dago bananduta, koadro bakoitzeko erantzun banarekin. Lurrean pantailako koadro bera izaten dugu, papel batean. Ostiraleko emanaldian, ordea, koadroa izan beharrean toke jokoko marrazkia izango dugu lurrean. Zorizko jokoa da, egokia ikuskizunerako».
Euskal kultura ardatz
Euslandia, hitzetan eta marrazkietan ikuskizunak liburu bat du abiapuntu, Lukik argitaratutako izen bereko lana, zehazki. Lukik euskal transmisioaren inguruko ikastaroa egin zuen Mondragon Unibertsitatean, eta azken lan gisa hainbat literatok, filosofok eta bestelako adituk gaiaren inguruan hausnartutakoak bildu zituen. Musika ere gehitu zion lan horri.
«Orduan aurreliburu horren maketarekin laguntzeko eskatu zidan Miriamek», azaldu du Probanzak. Gerora, liburua kaleratu zuen, baina «nahikoa ez zela-eta», harekin zerbait antolatzea proposatu zion marrazkilariari. Hala sortu zuten Euslandia, hitzetan eta marrazkietan.
2011eko azaroaren 27an eskaini zuten lehenbizikoz ikuskizuna euren jaioterrian, eta ordutik hainbat aurkezpen egin dute Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian zehar. Zarauzkoaren ondotik, otsailaren 24ean Donostian izango dira urretxuarrak, Kutxaespacio gunean. Orain arte izan duen harrerarekin «oso gustura» daude artistak. «Gu orokorrean oso pozik atera gara saioetatik, eta jendeak ere asko gustatu zaiola esan izan digu. Horrek poz handia ematen du». Ildo horretatik, iparraldean zein Nafarroan ere ikuskizuna eskaintzeko aukera izatea espero du Probanzak.
@Ikuskizunaren zati bat ikusteko edota Concetta Probanzaren informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hauek:
http://www.youtube.com/watch?v=JZIilkbMuvA
www.concettaprobanza.com