Azpeitiko Festa Herrikoien Batzordeak eztabaida estrategikoa hasiko du hil honetan. Festekin lotutako gaien inguruko hainbat eztabaida saio egingo dute. Aurrenekoa biharko deitu dute, 17:30ean, Azpeitiko gaztetxean. Lehen eztabaida honetan Parte-hartzea gai hartuta jardungo dute.
Saninazio festetako parte hartzeaz gainera, herriko eta auzoetako gainontzeko jaien inguruan ere ariko dira bihar hizketan. Saninazioak ez beste herriko festak eta auzoetakoak festa batzordean landu gabekoak direla azaldu dute, «horien inguruan bidea egiten hastea dagokigu».
Iaz, Festa Herrikoien Batzordeak indar handia hartu zuen San Inazio jaien aurretik, eta herriko festetarako hainbat ekitaldi antolatu zuten, herritarren parte hartzea helburu. Antolatutako ekitaldietan jende askok parte hartzea lortu zuen batzordeak. Orain, festak antolatzeko erabakiguneetan ere herritarrak zuzenean parte hartzea dute helburu Festa Herrikoien Batzordekoek.
Martxorako bukatuta
Otsailean egingo dituzten bileretan esaten dena martxorako bildu nahi dute eta ondoren asanblada orokorra egiteko asmoa dute. Jasotakoaren inguruan ekarpenak jaso eta zuzenketak egiteko.
Festa Herrikoien Batzordeak hartutako erabakien inguruan informazioa zabaltzeko bloga sortu du, helbidea honako hau da:
www.festahb.wordpress.com.