Elkarlanaren emaitza izango da aurtengo Kaldereroen konpartsa

Nerea Uranga 2012ko otsailaren 2a

Kaldereroen konpartsa elkarlanean antolatzea erabaki dute eragileek eta Azpeitiko Udalak. Festa Batzordeak deituta, kaldereroak antolatu edo ez erabakitzeko bilera egin zen joan den astelehenean udaletxean. Kalejira urtetik urtera indarra galtzen joan dela, eta festak duen kostua kontutan izanda deitu zuten batzarra festetako arduradunek. Asteleheneko batzarrean, herriko hainbat eragiletako ordezkariak eta banakoak bildu ziren. Elkarlanean aurtengo kaldereroen konpartsa antolatzea erabaki zuten. Bilerara, besteak beste, Baigera erretiratuen elkarteko, Zezen Beltz taldeko eta Itsasi dantza taldeko ordezkariak joan ziren. «Guraso batzuk ere kaldereroak antolatzeko eskatuz etorri ziren bilerara. Kaldereroen inguruan deitutako batzarrak izandako emaitzarekin oso gustura gaude», azaldu du Mikel Ibarzabal festa zinegotziak. Parte hartzeko deia Kaldereroen konpartsa otsailaren 11n izango da, 19:30ean, Arana kaletik, Ardozaleak elkartearen aurretik abiatuta. Festetako arduradunek herritarrak kalejiran parte hartzera animatu dituzte. Hala, kaldereroetan parte aktiboki hartu nahi dutenei kalejiraren irteerara azaltzeko esan die. Festa, 1993tik Azpeitian kaldereroen festa berria da. Ardozaleak elkartea hasi zen antolatzen, 1993. urtean. Inauteriak aurretik hasi ziren kalejira egiten, eta azken urteetan astebete aurretik egin da. Baina 2007. urtean antolatu zuen Ardozaleak elkarteak azkenengo aldiz kaldereroen kalejira. Jai hori antolatzen zuen batzordeak «erreleborik ez» zuelako, utzi egin zuen. Orduan, lekukoa udaleko Festa Batzordeak hartu zuen, eta 2008tik udalekoek antolatu dituzte kaldereroak. Urte hartan, ordutegi aldaketa ere izan zuen kalejirak; afalondoan irten beharrean, arratsaldetan irteten hasi ziren, 19:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide