Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Ingenieritza Eskolakoak ikasle talde bat azterketa topografikoa ari da egiten Antilla hondartzan. Orioko Udalaren laguntzarekin, bertako hondarraren granulometria ikertuko dute; hau da, hondarraren jatorria eta propietateak aztertuko dituzte; horretarako, hondartzako hondarrak, urtean zehar eta itsasoaren egoeraren arabera, izaten duen pilaketa edo galerak zehaztuko dituzte.
Klima aldaketaz gain, gizakiak espigoian edo dragan duen «esku-hartzea» ere ikertuko dute. Egungo hondarra hartuko dute aintzat Nerea Argote zarauztarrak eta Jon Azpiroz leitzarrak, ikerketa aurrera eramaten ari diren ikasleak. Jose Miguel Edeso Geomorfologian doktorea eta Gasteizko Ingenieritza Eskolako irakaslea da proiektuko zuzendaria.
Orain hartzen dituzten laginak duela 21 eta bost urteko datuekin alderatuko dituztela adierazi du proiektuko zuzendariak, ordutik «aldaketa asko» izan direla uste dutelako. «Denboraleen eta olatuen indarra areagotzearen ondorioz, hondar aleen tamaina hazi egin dela ikusi dugu, duela bost urte hartutako datuekin alderatzean».
Harea ez ezik, hondartzak berak izan dituen aldaketa morfologikoak eta morfometrikoak aztertzea dute helburu ikasleek. «Oro har, hondartzak hondarra galdu duelanabaritu dugu, eta soslaia ere aldatu zaio, hondartza atzeratu egin baita. Azken hamarkadetan itsas mailak izan duen igoera ere kontutan hartzekoa da».
Izan ere, azterketa Edesok 1990ean egin zuen doktoretza tesiari jarraituz ari dira osatzen. 1987 eta 1989 urte bitarteko datuak hartu zituen orduan. Horietan oinarritita, irakasleak adierazi du hondartza inguruko azpiegiturek —ibaien kanalizazioak, malekoiak, espigoiek edo muruek— hondarrean eta hondartzaren aldaketan «eragina» zutela.
Zentzu horretan, Antillan egin diren lanen, dragaren eta klima aldaketaren arteko harremana zehaztuko dute. «Besteak beste, olatuen indarra zergatik handitu den jakin nahi dugu», dio Edesok. Orioko azterketaren bidez, gainera, inguruko itsasertzaren «zati handi baten informazio osatua» lortuko dutela gaineratu du proiektuaren zuzendariak. Izan ere, Donostiako Zurriola hondartzan eta Zarauzkoan ere proiektu hori bera dute martxan.
Aldizkari eta erakundeetan
Egun, ikasleak Antilla hondartzako laginak jasotzen ari dira. GPS Posizionatze Globaleko Sistemaren bidez ari dira neurketak egiten, eta ondoren, haizea, olatuak eta korronteak aztertuko dituzte, hondarraren dinamika ezagutzeko. Azkenik, itsasertzearen, hondartzako soslaiaren eta dinamikaren arteko harremana ikertuko dute. Proiektua urte bukaerarako amaituta izatea aurreikusi du Edesok.
Lortutako emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko asmoa dute ikasleek eta proiektuko zuzendariak. Horrez gain, ondorioak Orioko Udalaren esku ere jarriko dituzte, eta ez dute baztertzen bestelako erakunde publikoen esku uztea ere.
Udalaren laguntza
Olatz Olariagak, Orioko Bilduko udal taldeko kideak, azaldu du egitasmoak, besteak beste, Orioko Surf Taldearen eta Herrio Natur Taldearen eskariei erantzuten diela. Olariagaren arabera, udalak «hasieratik erakutsi du azterketarekiko interesa». Horregatik, proiektua zabaltzen lagunduko duela aurreratu du, eta ikerketaren emaitzak gizarteratzeko erabiliko dituzten euskarri guztien gastuak bere gain hartuko ditu udalak; hala nola, aurrera begira egingo dituzten proiekzioetan, hitzaldietan eta papereko euskarrietan.