Gai osasungarriak hizpide

Aritz Mutiozabal 2012ko otsailaren 2a

Emakumearen osasunari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak, Murgibe aukera-berdintasuneko aholkularitza enpresarekin elkarlanean, hil honetarako.  Lau hitzaldi izango dira, eta lehengoa gaur arratsaldean emango dute, Ba al du generoak gure osasunean eraginik? izenburupean. «Emakumezkoen eta gizonezkoen gaur egungo osasun arazoak ezberdinak dira. Hori zeren eraginez den aztertuko dugu lehen saioan», aurreratu du berdintasun eta gazteria teknikari Karmele Gomez Garmendiak. Gainerako hiru saioetan musikoterapia, elikadura eta zaintza landuko dituzte, hurrenez hurren. Hitzaldiak Alondegian eskainiko dituzte, ostegunetan, 18:30etik aurrera, eta horietan guztietan Murgibe enpresako aholkulari Idoia Lekue izango da hizlari eta gidari. Ekitaldi irekiak izango dira, eta bukaeran entzuleek kezkak eta zalantzak galdetzeko aukera izango dute. Berdintasun planaren harira, hainbat  jarduera antolatzen ari da Berdintasun Saila; betiere, gai anitzak jorratze aldera. Duela hilabete emakumea eta kirola izan zuten hizpide, eta orain osasunari helduko diote. Era berean, martxoaren 8rako ekimenak prestatzen ari dira. --------------------------- Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketa antolatu du Berdintasun Sailak Martxoaren 8a ardatz hartuta, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak kartel lehiaketa antolatu du aurten ere. Sariketa zumaiarrei zuzenduta dago, eta lanak Alondegian aurkeztu behar dira, otsailaren 15a bitartean. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, hiru lan aurkeztu ahal izango du; betiere, bere izena eta datuak kartazal itxi batean emanez. Epaimahaia Berdintasun Sailak eta Berdintasun Foroak osatuko du, eta saria 200 eurokoa izango da. Kartel irabazlea udalaren esku geratuko da, eta Emakumearen Asteko egitaraua kaleratzeko erabiliko du. Aurkeztutako kartelekin erakusketa antolatuko dute Alondegian. ------------------------ Egitaraua Emakumea eta osasuna  hitzaldi zikloa lau saiotan banatuta dago. Hitzaldiak Alondegian izango dira, ostegunetan, 18:30etik aurrera; bi ordu inguru iraungo  dute, gutxi gorabehera. Hizlari lanetan Murgibe aholkularitza enpresako kide Idoia Lekue arduratuko da astero-astero. Otsailak 2, gaur Ba al du generoak gure osasunean eraginik? Emakume edo gizon jaiotzearen garrantzia (edo ez), eta horren ondoriozko zama hizpide. Otsailak 9, osteguna Emakumeentzat musikoterapia. Gaur egungo bizimoduari aurre egin ahal izateko alternatibari buruzko hitzaldia. Musikaren bidez, norbere emozioekin eta sentipenekin harremantzeko tresna da musikoterapia. Otsailak 16, osteguna Emakumeak eta elikadura. Orekaz, osasunez eta justiziaz elikatuz. Emakumeentzat eta, oro har, guztientzat osasungarria eta etikoa den proposamena egingo dute. Otsailak 23, osteguna Besteak zaintzetik, gure burua zaintzera. Emakumeak besteak zaintzeko genetikoki programatuta dauden sinismenak desmitifikatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide