“Aurrekontu orekatua” osatu du Udal Gobernuak

Getariako Hitza 2012ko otsailaren 1a

“Aurrekontua orekatua osatzea lortu dugu, gastuak eta sarrerak parekatuz. Nahiko meritu badu honek, udalak urte askoan gehiegizko gastu maila mantendu baitu”, adierazi zuen Aitor Irigoien Ogasun zinegotziak atzoko Osoko Bilkuran. 3.146.421 eurokoa ...

“Aurrekontua orekatua osatzea lortu dugu, gastuak eta sarrerak parekatuz. Nahiko meritu badu honek, udalak urte askoan gehiegizko gastu maila mantendu baitu”, adierazi zuen Aitor Irigoien Ogasun zinegotziak atzoko Osoko Bilkuran. 3.146.421 eurokoa izango da Getariako Udal korporazioaren aurtengo aurrekontu propioa. “Aurten gastuen ajuste batzuk burutuko ditugu, baina aurrera begira, ezinbestekoa izango da gehiago egitea”, nabarmendu zuen. Atzoko plenoan 2012rako aurrekontu orokorren proposamena aurkeztu zuen Udal Gobernuak, eta behin behineko onespena eman, Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen: “Estu-estu koadratutako aurrekontuak dira”. Diru partidak osatzeko Bilduk aurrera eramandako estrategiarekin ez daudela ados gehitu zuten, ez duela parte hartzea sustatu: “Oposizioko alderdi nagusia izanik, zuek bezala bost zinegotzi ditugu, ez zarete gurekin eseri ere egin. Aho betez darabilkizue parte hartze hitza. Hau al da bultzatu nahi duzuen parte hartzea?”. Hori dela eta, abstenitu egin zen alderdi jeltzalea: “Hala ere, joan den astean jasotako informazioarekin gure lehenengo balorazioa egin nahiko genuke; behin boletinean publikatu eta 15 eguneko epean azterketa sakonagoa egin ostean, gure emendakinak aurkeztuko ditugu”.
15 eguneko epean jendaurrean izango da aurrekontu proposamena, herritarrek zein gainontzeko alderdiek ekarpenak egin eta gerora behin betiko aurrekontuak osatze aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide