Salgai daude dagoeneko otsailean izango diren antzerki emanaldietarako sarrerak. Ostiralean Gure bide galduak antzezlana eskainiko du Dejabu taldeak Lizardi antzokian, 22:00etan. Bost aktorek eta zuzeneko gitarra soinuekin euskaraz sortutako antzezlan hau utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da, «gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako egungo ipuina». Interesa duenak Sanz Enea kultur etxean eros ditzake sarrerak, bost euroren truke.
Igandean, berriz, haurren txanda izango da; izan ere, Arratoitxo pinpirina lana antzeztuko du Glu glu taldeak, Lizardin bertan. Abestiak, dantza eta komendia uztartuko ditu Galder Perezek idatzi eta zuzenduriko antzezlanak. Hiru eta bederatzi urte bitarteko haurrei gomendatutako ikuskizuna da honakoa. Sarrerak Sanz Enean daude eskuragarri, hiru euroan.
Jakinarazi dutenez, martxoan ere izango dira antzerki emanaldiak Lizardi antzokian, Bodologuak, kasu. Martxoaren 10ean izango da ikusgai aipatu lana.