
Argizuloren urteurrena ospatzeko, larunbatean afari merienda izango da nahi duenarentzat (Olatz Prat)
Bederatzi urte bete ditu gaur Argizulok, eta asteburu honetan urteurrena ospatzeko hainbat ekimen prestatu dute. Datorren ostiralerako eta larunbaterako prestatu dute egutegia, ekimenetan «nahi duenak» parte hartu dezan.
Ostiralean Eneko Larrañaga Enekora-k bakarlari gisa eskainiko du kontzertua. Infusioa edanez eta bizkotxoa janez, kandelekin girotuta, kontzertu «goxoa» eskainiko duela jakinarazi du. «Oraindik ez dago baieztatuta hala egingo al dudan, baina bideo proiekzioarekin ematen dut normalean kontzertua. Gaika antolatzen dut bideoa; gai jakin horren araberako argazkiak jartzen ditut bideoan, neu musika jotzen ari naizen bitartean. Neuk bidaietan ateratako irudiak izaten dira». Arpa afrikarra jotzen du Larrañagak. «Giro lasaian» entzuteko kontzertua dela esan du. Euskaraz kantatzen du gehienbat, nahiz eta «Maninga kulturako hizkuntzak ere tartekatzen» dituen, jakinarazi duenaren arabera.
Larunbata egun nagusia
Ostiralean hasita, hurrengo egunerako prestatu dituzte ekitaldi gehienak. Mikel Abeirok jardun du antolaketa lanetan, eta berak azaldu du prestatu dutena. «Afari meriendarekin hasiko gara larunbatean, 18:30ean. Horren ondoren kontzertuak hasiko dira, bata bestearen segidan; ez dugu bakoitzarentzat ordurik zehaztu. Beraz, 19:30ak inguruan, gutxi gorabehera, hasiko dira konztertuak». Buterflai, La Pulga eta Lagunak, Low Rider, DJ Korta y Pega eta DJ Marek izango dira gau guztian zehar. Denetariko musika jarri dute. La Pulga eta Lagunak taldeak, adibidez, flamenkoa jotzen du. Gitarra-jotzaile batek eta bi dantzarik eskainiko dute, beraz, saioa, antolatzaileak jakinarazi duenez. Buterflai, berriz, kantautorea da.
Dena doan izango dela jakinarazi du Abeirok, eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu. «Antolatzen ditugun ekimen guztiak izaten dira irekiak, eta denak gonbidatzen ditugu».