Idoia Etxeberriari (Oñati, 1977) txikitatik gustatzen zaio idaztea. Idaztea zein sortzea. Hala, hainbat sormen lanetan hartu du parte: Gutiziak liburuan, Aita antza filmean eta Amantalen ahotsa ikuskizunean, besteak beste. Trenean zihoala idatzi zuen Ez dago argi ipuina, eta Zarauzko XXX. Lizardi Sarira aurkeztu zuen, «probatzeko». Hori dela eta, «oso sorpresa polita» jaso du Etxeberriak saria egokitu zaiola jakin duenean. 3.700 euro eskuratzeaz gain, ipuinaren 2.500 lan argitaratuko ditu Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak, herriko ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko.
Zer moduz jaso duzu saria? Espero al zenuen?
Sorpresa izan da niretzat, oso sorpresa polita. Ez nuen espero, eta ilusio handia egin dit. Egia esan, ez nuen literatur lehiaketa batean aurkezteko helburuarekin idatzi ipuina. Horregatik, ez nuen sarituko nindutenik inolaz ere espero .
Ez dago argi lanari esker irabazi duzu saria. Zer da argi ez dagoena?
Neskatxo baten ikerketa lanean dago oinarrituta Ez dago argi. Hamaika urteko neskatila horrek bere logelatik aurreko eraikin bateko leihoan argi bat ikusten du, uneoro piztuta. Edozein dela ere ordua, beti dago piztuta. Horrek jakin-mina sortzen dio. Orduan, ikertzen hasten da; bertan nor bizi den jakin nahi du, eta zergatik dagoen beti piztuta argi hori.
Nondik bururatu zitzaizun ideia?
Egia esan, nik ere nire etxeko leihotik argi bat ikusten dut, beti piztuta. Hala, istorio bat asmatu eta trenean lanera nindoala idatzi nuen. Haur baten azalean sartu eta bere mundutxoa irudikatu nuen. Haur horren bizitza, bere familia eta kezkak kontatzen ditut bertan. Lana erdi amaituta nuela ikusi nuen Lizardi Saria antolatu zutela Zarautzen. Hori aitzakitzat hartuta, amaitu eta ipuina aurkeztea erabaki nuen.
Lehenengo aldia al da gazteen literatura egiten duzula?
Bai, lehenengo aldia dut. Gehienbat helduei zuzenduriko literatura idatzi izan dut—Gerrako garrak Oñatin liburua kaleratu du—, baita antzezlanak ere. Hala ere, aitortza honi esker, aurrerantzean errazago helduko diot haur literaturari. Saria jaso izana bultzada handia da idazten jarraitzeko.
Lizardi Sariaren helburu nagusia gazteen irakurzaletasuna bultzatzea da. Ez dago argi-k horretarako balioko al du?
Sari honi esker nire lana argitaratu egingo da, eta herriko ikastetxeetan banatu, ikasleek irakur dezaten. Alde horretatik, irakurriko dutela uste dut, eta gustatuko zaiela, hala espero dut, behinik behin. Ardura da, egia esan, zein balore transmititu nahi dituzun oso argi izan behar baituzu. Nik asko disfrutatu nuen ipuina idaztean, eta irakurleak irakurketarekin ere gozatzea espero dut.
Sortzean gozatzen duzula diozu. Askotariko lanetan hartu duzu parte, literaturan, zineman eta bestelako alorretan. Alde horretatik, polifazetikoa zarela uste al duzu?
Sormenaren alor anitzak lantzea gustatzen zait. Hala, askotariko ikastarotan hartu izan dut parte: keramika, harria eta egurra lantzea, gidoigintza… Apur bat denetarik. Idaztea ere asko gustatzen zait, probatzea eta saltsan ibiltzea. Aurten, ordea, atseden hartuko dut, 2011n lan asko egin bainuen. Oraingoz ez dut proiekturik begibistan.
