Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatetik igandera bitarteko gauean Azpeitiko gizonezko bat atxilotu zuten, bere bikotekideari bortizki eraso egin izana egotzita. Azpeitiko Udalak gertaera «irmoki salatzen eta gaitzesten» duela adierazi du, atzo hedabideetara gertaeraren eta gaitzespenaren berri emanez bidalitako ohar baten bidez.
Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotzi Leire Etxanizek zera adierazi du: «Udal honek gaitzetsi egiten ditu era horretako gertaerak, eta kasu honetan ere halaxe egin du». Gertaeraren inguruko beste daturik ez du eman udalak.
Iazko azaro bukaeran Azpeitiko Udalak publiko egindako datuen arabera, 2011ko urtarriletik azarora bitartean, indarkeria motaren bat jasan zutelako hamazortzi emakumek jo zuten Azpeitiko Udaleko arreta zerbitzuetara. Horietatik jaiotzez euskal herritarra %66 dela ere azaldu zuen udalak. Indarkeria pairatu zutenen erdia 40 urte baino gutxiagokoa izan zela ere nabarmendu zuen. «Horrek erakusten du belaunaldi berrietan ere emakumeenganako indarkeria errealitate bat dela». Iaz, udaletxeko arreta zerbitzuetara jo zuten hamazortzi emakume horietatik bostek salaketa jarri zuten; hau da, %27,7k.
Azpeitia ez da salbuespena
Iazko datuen berri Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira eman zuen Azpeitiko Udalak. Orduan udaleko arduradunek azaldu zutenez Azpeitia ez da salbuespena, eta emakumeenganako indarkeria gaur eguneko arazo larrienetako bat da herrian. «Datuek erakusten dute oraindik ere emakumeenganako indarkeria egungo gizarteko arazo larrienetakoa dela, eta Azpeitia ez dela salbuespena».
Udala protokoloa lantzen
Gaur egun, udaletxe barrurako eta herri mailarako emakumeenganako indarkeriaren gaineko protokoloa lantzen ari dira Azpeitiko Udalean.
Emakumeenganako indarkeriaren jasanez gero, Azpeitiko Udaleko gizarte zerbitzuetara (943-15 71 92 telefonoa) edota Udaltzaingora (943-15 13 13 telefonoa) jo daiteke laguntza, informazioa eta babesa jasotzeko.