SOS Haur Lapurtuak elkarteak erakundeen babesa eskatu du eskualdean

Ane Olaizola 2012ko otsailaren 1a

Orioko Udalak «elkartasun osoa» azaldu die ustezko haur lapurtuen inguruko sareari. Udalbatzak herenegun egin zuen bilkuran onartu zuen auziaren gaineko mozioa. Adierazpen instituzioanalaren bidez, agintariek  «kaltetuek aldarrikatzen duten egia» azaleratzeko «obligazio politikoa» dutela berretsi dute, eta, horretarako, aholkularitza zerbitzua sortzea proposatu dute. Orion ez ezik, Zumaian ere erakundeen babesa eskatu dute kaltetutako familiek. Hala nola, egoitzaeskatu dute, «gutxiengo baldintzekin», telefono batekin, horren bidez egoera berean daudenei lagundu ahal izateko. Auziaren neurriaren aurrean, eskatutakoak martxan jarri ahal izateko, SOS Haur Lapurtuak elkarteari laguntza ekonomikoa ematea onartu du Zumaiako Udalak, familiei sortzen zaizkien gastuei aurre egin ahal izateko. Eskualdekoen bizipenak Zumaian ustezko ume lapurtuen sareko eskualdeko hainbat ordezkarik euren kasuak azaldu zituzten. Zumaian, esaterako, ofizialki bi familia dira biktima. Ana Carlota Dominguez eta Mertxe Aizpurua zumaiarrak ahizparen bila ari dira, baina ez dituzte baldintza berak. Batek jaiotza agiriak ditu, baina hiru data ageri zaizkio, eta besteak ez du agiririk. Aizpuruak adierazi duenez, hamaika epaitegitara jo du abortu paperak eskatzera. «Baina ez dagoela agiririk esan didate guztietabn, eta ez didate esaten nora jo dezakedan». Izan ere, haurrak «desagertzeaz gain», agiriak «galdu» egin direla salatu dute. Marian Zubia oriotarrak ere hitz egin zuen Zumaiako bilkuran. Honek ustezko guraso biologikoak aurkitu nahi ditu, baina bere agirietan ere kontraesanak ageri dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko paperek Zubia ez dela adoptatua diote, baina bere ama antzua zela jakin du. «Laguntza behar dugu ikerketa aurrera eramateko». Hala, ospitaletako jabeen izen-abizenak eta sendagileen historialak ezagutu nahi dituzte, eta horretarako babesa eskatu dute. Donostiako Erregistro Zibileko agiriekin zer gertatu den galdetu dute: «1965. urte baino lehenagoko guztiak falta dira».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide