Zumaiako Udaleko Euskara Sailak euskararen inguruko hitzaldi zikloa antolatu du datozen asteetarako. Otsailean zehar, euskararen inguruan hausnartuko dute, eta Euskal Herriko lau aditu izango dira gidariak. «Gure hizkuntzari hainbat ikuspuntutatik begiratzea da helburua, ahalik eta argazki osatuena egiteko», diote antolatzaileek. Hala, euskara «herritarren ahotan» jarriko dute gai gisa, eta Zumaiako egungo egoera ere kontuan izango dute.
Aditu bakoitzak bere teoria jorratuko du Alondegian egingo dituzten hitzaldietan. Asteazkenero izango dira saioak, eta gaur izango da lehenengoa, Fermin Etxegoienen eskutik. Euskararen eta estetikaren arteko harremana izango du hizpide idazle, kazetari eta irrati esatariak. Etxegoienen ustez motibazio estetikoa motibazio intentitarioaren gainetik dago.
Herriko egoera hizpide
Otsailaren 8an, berriz, Joxe Manuel Odriozola idazleak abertzaletasunaren eta euskararen arteko harremana azalduko du.
Euskarak euskal nazio identitatearen mamitze lanean duen garrantziaren inguruko eztabaida plazaratuko du idazleak.
Jon Sarasua bertsolari, irakasle eta soziologoak, berriz, euskal hiztun komunitatea izango du hizpide, Norabideari begirada batzuk izenpean. Sarasuaren esanetan, egungo hiztun komunitatea «erronka zahar eta berri lodi samarraren aurrean» dago. Hitzaldiak mahai-inguruarekin amaituko dituzte, otsailaren 29an; Belen Uranga, Josu Waliño, Jon Maia eta Markel Peñalba zumaiarrek euskararen inguruko gaia Zumaiako testuinguruan kokatuko dute. Zein dira Zumaian euskara gehiago erabiltzeko gakoak? Zumaiarrak jabetzen al dira euskararen garrantziaz eta euskaldunin erantzukizunaz? Galdera horien inguruan jardungo dute. Saio guztiak 19:00etan izango dira, Alondegian.
---------------------------
Fermin Etxegoien, idazlea, kazetaria eta irrati esataria:
«Esperientzia estetikoa esperientzia indentitarioaren gainetik dago»
Fermin Etxegoien (Oñati, Gipuzkoa, 1966) irrati esatariak, idazleak eta kazetariak zabalduko du euskararen inguruko hitzaldi zikloa, gaur. Euskara eta estetika izeneko saioan, 2004an kaleratutako Neurona eta zeurona saiakerako teoriak plazaratuko ditu. Etxegoienen ustez, esperientzia linguistikoa, «beste ezeren gainetik», esperientzia estetikoa da.
Zer azalduko duzu gaurko hitzaldian?
Duela zortzi urte
Neurona eta zeurona saiakera idatzi nuen, eta hizkuntzaren inguruko hausnarketak plazaratu nituen. Hizkuntzaren definizioei bestelako aukera batzuk eman nizkien; esperientzia linguistikoa, hizkuntza hitz egitea, esperientzia estetikoa dela esaten nuen. Urteak pasatu dira, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dut. Nolako definiziori, halako estrategia ematen diote. Hizkuntzaren inguruko definizioak lantzerakoan, izaerazkoak diren ezaugarriak hartu dira kontuan, ez estetikari dagozkionak; euskara izaera gisa definitu da, eta, orduan, estrategiak ere halaxe landu dira.
Zer esan nahi duzu hizkuntza esperientzia linguistiko estetikoa dela esatean ?
Modu askotara azal daiteke. Margolari batek koadro bat margotzen duenean, mundua modu estetiko baten bidez azaltzen du. Hitz egitea gauza bera da: hitz egiten dugunean, mundua berrasmatzen dugu. Moldaketa estetiko bat dago hor. Egunero janzten dugun arropa ere proposamen estetiko bat da. Hizkuntzan ere badago proposamen estetiko bat. Gurean, garbi dago lehia estetikoa dagoela gure gehienon baitan gutxienez dauden bi hizkuntza nagusien artean. Alegia, herri elebakarrean biziko bagina, gure hizkuntzaren plastikaz bete-betean gozatuko genuke. Baina gurean, gutxienez bi hizkuntza nagusi daude, eta hizkuntzen arteko lehia estetikoa da. Bertan, gaztelaniaren estetika gailentzen da. Hori hala dela egiaztatzen dituen hamaika adibide daude. Gure komunitatea ez dago euskaldunen eta erdaldunen artean banatuta, banaketa eta lehia hori norberaren baitan ematen da.
Hizkuntzaren inguruan proposatzen duzun esperientzia estetiko honetan, zer estrategia landu beharko dira, orduan?
Hizkuntza linguistikoaren inguruan mahai-gainean beste aukera bat jarri nuen, eta horri gero eta garrantzia handiagoa ematen diot: euskararen berreskurapenean, esperientzia estetikoa esperientzia identitatioaren gainetik dagoela uste dut. Hau da, bat independentista sutsuena izan daiteke, eta, era berean, munduko euskal hiztunik amorratuena. Baina posible da hori hala ez izatea, eta independentista porrokatuena izanda ere, arrazoi estetikoak direla medio, euskara zalea baino, gaztelania zalea izatea.
Estetikaren ikuspuntutik, norberaren hizkuntza preziatzen bada, askoz ere indartsuagoa da edozein motibazio identitario baino. Duela zazpi urte mahai-gainean jarri nuen aukera hori, eta une honetan ideia hori inoiz baino gehiago berresten dut. Hiztunak euskarak estetikoki gozamena sortzen diola sentitzen badu, hori baino motibazio handiagorik ez dagoela esango nuke. Gaztelania edo frantsesa erabiltzerakoan, motibazio estetikoa erabatekoa da. Euskararen kasuan, ordea, jende gutxi batzuentzat besterik ez da erabatekoa, euskara
jatorrean zein jasoan. Izan ere, euskaldunoi bi eratara bizitzen ikastea eskatzen digute, eta oso jende gutxik lortzen du hori, momentuz.