Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan den larunbatean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Gipuzkoako zine klub taldeetako ordezkariak bildu ziren, Azpeitiko Ta3. zine klub taldekoen ekimenez. Deialdiak izandako erantzunarekin gustura gelditu dira azpeitiarrak. «22 lagun bildu ginen, Tolosakoak kenduta beste zine klub taldeetako ordezkariak elkartu ginen: Azkoitikoak, Zumarragakoak, Urretxukoak, Legazpikoak, Eibarkoak, Beasaingoak, Mutrikukoak, Zumaiakoak eta Azpeitikoak», dio Ihintza Agirretxe Ta3. zine klub taldekoak.
Elkarteek elkarren egoeraren berri jakin zuten larunbatean. «Elkarte bakoitzak nola funtzionatzen dugun azaldu genuen eta batzuk garai berrietara nola moldatu diren ere aipatu zuten», dio Agirretxek. Zine klub talde bakoitza autonomoa da, eta bere funtzionatzeko era dauka. Hala, elkarren berri jakinda lehenengo pausoa eman dutela diote Azpeitiko zine klubekoek.
Bilkura positiboa
Larunbatean egindako bilkura positiboa izan dela diote Ta3.koek. «Gure taldearen egoera nahiko kritikoa da. Beste taldeak nola moldatzen diren jakin nahi genuen, eta gaur egungo egoerara nola moldatzen diren jakitea interesgarria izan da», diote. Ta3.koen ustez, larunbateko bilkuran garbi ikusi da, zine klubek aurrera egiteko erakunde publikoen babesa beharrezkoa dutela. «Gipuzkoan zine klubek tradizioa dute, urte askoan jende piloa ibili da lanean zine kluben bueltan». Larunbatean hainbeste jende biltzeak aurrera segitzeko animoa ematen duela diote.
Azpeitiko zine klubak urtarrilean Soreasu estreinatu zuen eta han hasi zen filmak ematen, hamabostean behin. Dagoeneko bi film eman dituzte eta harrera ona izan dute. «Eman ditugun pelikulak onak izan dira, eta jendeak harrera ona erakutsi du. Gure helburua zine ez komertziala eta independientea ikusteko aukera ematea da. Badirudi jendeak aukera hori izatea eskertu egiten duela», esan dute zine klubekoek.
Hurrengo emanaldiak
Hil honetarako ere zine klubeko beste bi emanaldi dituzte antolatuta Ta3.koek. Otsaileko lehen emanaldia hilaren 9an izango da, eta orduan emango duten filma Drive izango da. Hurrengo emanaldia,berriz, otsailaren 23rako antolatu dute; Le Havre filma emango dute. Zine klubeko emanaldiak Soreasu antzokian dira, 21:30ean, eta sarrera hiru euro izaten da.