Azpeitia Zero Zabor taldekoek hainbat tokitako hondakinak biltzeko sistemak ezagutzeko bisitak egin dituzte. Besteak beste, Usurbilera, Hernanira eta Azpeitiko Lapatx zabortegira egin dituzte bisitak. Esperientzia desberdinen berri zuzenean jaso ondoren, Azpeitiko zaborraren bilketa ssistemak «aldaketa sakona» behar duela uste dute. Bilketa sistema aldatuta, jasotakoaren %80 baino gehiago hondakina izatea litzateke haien helburua, «era horretan errefusa edo zabor hutsa litzatekeena modu esanguratsuan murriztuko litzateke».
Zero Zaborrekoen arabera, Azpeitian gaur egun zaborra biltzeko erabiltzen den sistemarekin, biltzen denaren %40 da hondakina eta gainontzekoa zabor hutsa litzateke, «%60 inguru zuzenean zabortegira botako dena da».
Esan dutenez, herrirako bilketa sistema propioa eta berria garatu behar da. Baina hori lortzeko herritar guztien ekarpena beharrezkoa dela esan dute. Hondakinetatik zabor hutsa dena murrizteko herritar guztien ahalegina beharrezkoa da, «kate hau osatzen dugun zati bakoitzak, arduraz jabetu eta zaborra murrizteko pausoak eman behar ditugu». Horregatik, herritarrek hondakinak ondo sailkatu beharra nabarmendu dute, «ahal den neurrian materialak berrerabiliz edota birziklatuz».
Zuzenean informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diote herritarrei eta horretarako gaur hasi eta hilaren 13 bitartean hitzaldi zikloa antolatu dute. «Erabaki bat hartzeko modurik onena zuzenean informazioa jasotzea baita», azaldu dute Zero Zabor taldekoek.
Hitzaldi zikloa
Otsailak 1, gaur. 19:00etan, Emakume Txokoan. Kataluniako El tinter enpresako kasu praktikoa azalduko du Antonia Barba enpresaren zuzendariak.
Otsailak 8, asteazkena. 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Hitzaldian landuko
duten gaia:
Hondakinen kudeaketa, Azpeitiko eta Gipuzkoako egoera. Hizlari ariko direnak izango dira: Leire Etxaniz Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakaria, Izaskun Zeziaga Azpeitiko udaletxeko ingurumeneko teknikaria eta Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Lurralde Antolaketako arduraduna.
Otsailak 13, astelehena. 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Hitzaldiaren gaia izango da:
Zero zabor: hondakinek badute irtenbidea. Hizlari jardungo dutenak Gipuzkoa Zero Zaborreko kide Ainhoa Arrozpide eta Mikel Ikatzategi izango dira.
@Azpeitia Zero Zabor taldeak bere blogean egiten dutenaren berri jasotzen du. Honako hau da helbidea:
azpeitiazz.com