Orion egiten ari diren Arraun eta Piraguismo Teknifikazio Zentroa handitzeko eta berritzeko proiektua moldatu egingo dute, Orioko Udalbatzak hala onartuta. Jatorrizko proiektuak ez du aldaketarik izango, proiektu aldatua izango da egokituko dutena, eta hasierako proiektutik, hiru partida murriztuko dituzte. Hala, entrenamenduetako hodiko bonbak, eta lurreko akaberen eta kanpoko gunearen hobekuntzak «momentuz» ez dituzte egingo. Horien ordez, esaterako, lurrari dagokionez, «beharrak asetzen dituen lurra jarriko da, kalitate berekoa eta askoz merkeagoa», udalak azaldu duenez.
Hasierako proiektuak jasotzen dituen zimenduak handitzeak, saneamenduaren bonbeoak, bost entrenamendu anitzetako gelak, instalakuntzen kudeaketa bateratuak, ekipamenduaren lekuak, elkartearean egokitzapenak eta balorazioetako gelaren girotze instalakuntzak ez dituzte moldatuko, beraz.
Aldaketa horiekin, modifikatutako proiektuaren aurrekontua murriztea lortu du Orioko Udalak. Izan ere, orain proiektu horrek 518.250,93 euroko kostua izango du, hasiera batean baino 235.000 euro gutxiago, hain zuzen ere.
Proiektu modifikatua aztertu egin du Orioko Udalak, Beñat Solaberrieta alkatearen esanetan. «Gauza batzuk mantendu egin behar direla ikusi dugu, baina gainontzeko batzuk beste modu batera egin behar direla uste dugu». Horregatik modifikatu dute beste behin jatorrizko proiektua. Horretarako, arraun elkarteko kideekin edota teknikariekin izan dira harremanetan.
Proiektua aldatzeak eztabaida sortu zuen alderdi politikoen artean. Bildu eta Orainen aldeko botoekin onartu zuten proiektu berria. «Beste bide batzuetatik, askoz ere merkeago aterako da proiektua, udalaren mesederako», adierazi du Jokin Izagirrek, Oraineko zinegotzia izan denak. EAJ alderdia proiektu berriaren aurka azaldu da, moldaketa horiek «ulertezinak» direla irizten dutelako. Izan ere, bonbarik gabeko hodi bat «zentzugabea» izango dela uste dute. Kanpoko gunea, berriz, amaitu beharra dagoela uste du Jon Redondo EAJko bozeramaileak.
Bixente Lasa Orioko Udaleko kirol zinegotziak, berriz, argitu du fosoa ez dela egongo motorrik gabe. «Martxan jartzen dutenean joango dira probatzen behar dituzten motorrak». Amaia Dorronsoro zinegotziak ere proiektua «pausoz pauso» egin behar dela gaineratu du.
Solaberrietak, bere aldetik, adierazi du egitasmo horiek «etorkizunean» egingo direla, «baina zentzuz jokatuta, eta beharren arabera».
Aurrekontuak, atzeratuta
Bestetik, udalbatzak hasiera batean herenegun onartu behar zituzten 2012ko aurrekontuan, baina azkenean mahai-gainean utzi zituen, Orainek hala eskatuta. «Aurrekontuen azken bertsioa hobeto aztertu nahi dugu. Bilduk aurkeztutako txostenean proposamenak egiteko aukera izan dugu, baina luzapens eskatu nahi diogu, hausnarketa sakonagoa egiteko», adierazi duen Mirian Uranga plataformako bozeramaileak. Horrez gain, Jokin Izagirre Oraineko zinegotziak bere kargua utzi du, familiako arazoak direla medio; aurrerantzean, Joxe Angel Iparragirrek ordezkatuko du Izagirre.