Zestoako Udalak herritarren eta eragileen parte-hartze araudiaren zirriborroa aurkeztuko du ostegunean, 19:00etan, Zestoako kultur etxean. Ordubete inguru iraungo du aurkezpenak. Bileraren helburua, zirriborroa aurkezteaz gainera, jendearen iritzia jaso eta araudia herritarrekin batera lantzen hastea da. Leire Etxeberria Zestoako alkatearen arabera, Zestoako Udalak aspalditik ditu martxan herritarrek
parte hartzeko hainbat tresna, baina orain horiek denak
araudi batean bildu nahi ditu.
Osteguneko bilera garrantzitsua dela esan du alkateak, eta herritarrei bertan parte hartzeko
«ahalegin berezia» egiteko eskatu die.
Eskubideak eta aukerak
Osatu nahi duen araudiarekin Zestoako Udalak herritarren «parte-hartze demokratikoa» bultzatu, eta udalaren gardentasuna azaltzeko «konpromiso argia» ezarri nahi du. Horrekin batera, «herriko elkarte sarea» ere indartu nahi du. Horretarako, teknologia berriek gaur egun duten garrantzia, eta horiek ematen dituzten aukerak kontuan hartu dituzte zirriborroan. Alde batetik, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko dituzten eskubideen berri ematen du parte hartzearen araudiaren zirriborroak. Informazio eskubidea, eskaerak egiteko eskubidea, udal bileretan parte hartzekoa, biltzekoa, hain zuzen. Segidan, parte hartzeko prozesuak, organoak eta mekanismoak arautzen ditu: erreferenduma, herri-galdeketa, aukeraketa eta inkesta. Baina, gaur egun martxan dauden beste bilgune batzuk ere arautzen ditu. Besteak beste: Euskara Aholku Batzordea, Kultur Taldeen
Batzarra, Festa Batzordea eta Auzo Topagunea. Guzti horrez gain, informazio, arreta eta komunikazio sistemek ere tokia duten araudian.