
Garagarrez egindako alkoholdun edaria gurtu egiten da Aste Santuan Zarautzen. Gargardoa,
aldaera guztietan. Milaka erromes biltzen ditu, gau eta egun, Zarautz Rugby Taldeak Munoa plazan antolatzen duen azokak, eta, guztia behar bezala atera dadin, garaiz hasi dira ekitaldi berria prestatzen. Aurtengoa XII. Garagardo Azoka izango da, eta datorren apirilaren 4tik 9ra ospatuko dute. Egitasmoak mundu bat biltzen du, eta iragarpen handirik behar ez duen arren, errugbi taldeak azokako kartel lehiaketa antolatu du bigarren urtez. Beraz, dastatzen hasi baino lehen, sormenari ateak irekitzeko deia egin dute antolatzaileek.
Garagardo azokari erreferentzia egingo dion diseinu erakargarria sarituko dute. Hori da abiapuntua. Hortik aurrera, norbere esku dago irudia nola landu, estiloa eta teknika libreak baitira. Zehaztu duten bakarra lanak aurkezteko euskarriaren tamaina eta gehitu behar zaizkion oharrak dira. Kartelak DIN A3 neurrikoa izan beharko du, eta lehiaketaren aitzakia agerian geratzeko, honako testu hau eraman beharko du ezinbestean: Zarauzko XII. Garagardo Azoka 2012. Apirilak 4-9 (Itsas pasealekuaren ondoan). Eguerdiko 12:00etatik gaueko 01:00etara.
Horrekin batera, aurtengo azokan zerbitzatuko dituzten zazpi garagardo etxeren logoak erantsi beharko dituzte diseinuetan. Bi modutara lor daitezke logoak. www.garagardoazoka.info webgunetik deskargatu daitezke, edo Zarautz Kirol Elkarteko bulegora jota; bertan eskura emango dituzte, disko batean grabatuta. Disenatzaileak, era berean, hamar zentimetroko tartea utzi beharko du lanaren behekaldean, antolatzaileen eta babesleen logoak jartzeko.
Otsailaren 15etik 29ra
Garagardo Azokako kartel lehiaketako lanak otsaileko bigarren hamabostaldian aurkeztu ahal izango dira –hilaren 15etik 29ra arte–, Zarauzko Kirol Elkarteko bulegoan; 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 19:00etara. Adin nagusiko edonork hartu ahal izango du parte lehiaketan, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
Lanak aurkezterakoan egileak ezingo du nor den adieraz dezakeen inolako daturik ipini. Anonimatua bermatzeko, aurkeztutako lanarekin batera, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta nortasun agiriaren fotokopia bidaliko dira kartazal itxi batean. Kartazalaren kanpokaldean eta lanaren atzekaldean, berriz, egilearen lema joango da.
Sari bakarra
Lan irabazlea bakarra aukeratuko du epaimahaiak, eta bere egileak 300 euroko saria jasoko du. Zarautz Rugby Taldeko zuzendaritza batzordeko kideek, Heineken garagardo enpresako ordezkariek eta artean nahiz diseinuan adituak diren kideek osatuko dute epaimahai hori. Honek ezingo du saria bertan behera utzi, ez bitan banatu, ezta sariaren zenbatekoa gutxitu ere. Edonola ere, beste lanei buruzko aipamen berezia egin ahal izango du, hala irizten badio.
Iaz 25 lan aurkeztu zituzten lehiaketara, eta horien artean Eguzkiñe Egañaren Kolore guztietakoak izeneko lana aukeratu zuten azoka iragartzeko. Izan ere, lan irabazlea kartela eta eskuprograma irudikatzeko erabiliko du Zarautz Rugby Taldeak. Egitarauari dagokionez, ekitaldirik ez da faltako aurten ere, baina oraindik zehazten ari dira. Nolanahi ere, gauero kontzertu saioak izango direla jakitera eman dute beren webgunetik.