Bi urtez luzatu ostean, Zumaiako Udalak aurrekontuak onartu ditu

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 31

Zumaiako Udalaren aurrekontua 12.830.306 eurokoa izango da aurten, aurrekoa baino %4,6 txikiagoa. Pasa den osteguneko plenoan onartu zituen Zumaiako Udalbatzak aurrekontu orokorrak, Bilduren eta Aralarren babesarekin. EAJk eta PSEk, berriz, kontra bozkatu zuten. 2009. urtetik udalak onartu gabe zituen aurrekontuak . «Herritarren ongizateari begira» egindako aurrekontu orokorrak direla azaldu zuen ogasun zinegotzi Arritxu Gonzalezek. Udalak ez duelazorrik nabarmendu zuen, baina krisia medio, sarrerak murriztu egin direla. Ondorioz, aurrekontuaren doikuntza orokorra egin behar izan dutela azaldu zuen, eta udalak finantzazioa lortzeko arazoak dituela gogoratu. Jarraitutako irizpideak Testuinguru horretan, aurrekontuak osatzekoan hainbat irizpide jarraitu ditu Zumaiako Udal Gobernuak. Batetik, gastu arrunta murriztea erabaki du; ez, ordea, gizarte zerbitzuetakoa. Gonzalezen arabera, «gehien behar dutenei gehien laguntzea» dute helburu. Horrekin batera, langileen balorazioa egingo dute, haien lan baldintza duinak bermatze aldera. Inbertsioei dagokionez, «behar-beharrezkoak» soilik egitea adostu dute, «herriaren kalitatea bermatzeko». Bestalde, eragileei zuzendutako diru-laguntzak mantenduko dituzte, orokorrean. Aurrekontu bateratuta Aurrekontu bateratua 20.431.466 eurokoa izango da aurten. Horrek bere baitan hartzen ditu udalaren organismo autonomoak (San Juan Egoitza, Musika Patronatua eta Kirol Patronatua) eta Zumaia Lantzen elkarte publikoa. 1.717.048 euroko aurrekontua izango du San Juan Egoitzak, eta kopuru horretatik 179.948 euro udalak berak ordainduko ditu . Gainontzeko zenbatekoa aldundiaren esku egongo da. Ildo horretatik, %6,6 igo da egoitzari dagokion partida. Musika Patronatuari zuzenduriko partidak, ordea, behera egin du, %10 zehazki. Udalak ordainduko du aurrekontu hori osorik, guztira 195.228 euro. Zumaia Lantzenek, berriz, 6.400.000 euro izango ditu aurten. «Likidezia falta izugarria» duela dio Gonzalezek, eta horri aurre egiteko, abendutik udalaren bermearekin mailegu bila dabiltzala. 2.300.000 euroko mailegua beharko luke elkarte autonomoak arazoa konpontzeko. Horregatik, bideragarritasun plana egin dute, aldundiaren oniritziarekin. «Zumaia Lantzenekin zer egin nahi dugun eta nola hausnartu behar dugu, udalaren ekonomiari ahalik eta gutxien eragin diezaion». Kirol Patronatuaren aurrekontua 762.666 eurokoa izango da, eta udalak 393.116 euro jarriko ditu. Udalak patronatua sortzea erabaki du aurten, herriko kirol zerbitzua berak zuzenean kudea dezan. Ildo horretatik, erakundeak berak antolatuko du kirol ekintza oro eta kirol eraikin guztien kudeaketa ere bere esku egongo da. «Zerbitzu publikoaren kudeaketa publikoa» egingo du, hala. Jakinarazi zutenez, lehengo gastu bera izango da udalarentzat, eta bide batez, lortutako irabaziak zerbitzuan inbertituko dituzte. Inbertsio gutxiegi Bilduren eta Aralarren babesarekin onartu zituzten aurtengo aurrekontuak pasa den osteguneko osoko bilkuran. EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten. Izan ere, biek ala biek gastu arrunta ez dela behar adina murriztu nabarmendu zuten. Horren ondorioz, udalak inbertsioetarako ahalmen gutxiago izango duela ohartarazi zuten. PSEko bozeramaile Emiliano Cabañasen arabera, onartu eta sei hilabetera aurrekonturik geratzen bada, «mirari baten ondorioz» izango da. Ildo horretatik, Cabañasen arabera, litekeena da Udalak aurrera egin ahal izateko kreditu bat eskatu behar izatea. EAJko Edurne Egañari gastuen kalkuluen oinarriek «mesfidantza» sortzen diela adierazi zuen, eta Zumaia Lantzen eta Kirol Patronatuaren aurrekontuen aurreikuspenek, berriz, «ziurtasun-eza». Ildo horretatik, aurrekontuen «bilakaera erlatiboa eta absolutua oso kezkagarriak» direla nabarmendu zuen EAJko zinegotziak. G2012rako aurrekontu orokorrak sarrerak pZerga zuzenak. Ordenantza fiskalen araberakoak dira. %14eko igoera. pZeharkako zergak. Obrei dagozkie. %28 jaitsi. pTasak. %17 igo. pDiru laguntzak. %28 jaitsi. gastuak pPertsonal gastuak. %2 igo. Hala, ludotekako hezitzaileen lanaldia %60an finkatu da, Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzaile eta erdi mailako kontu hartzaile teknikari postuak sortu dituzte, besteak beste. Gastu arrunta. 65.599 euro. %1 igo da. -Alondegia: 44.708 euro. -Torre Berri, konbentua, uxategia: 23.150 euro. -Kale garbiketa: 65.810 euro. -Zabor bilketa: 104.648 euro. Transferentzia arrunta. 141.240 euro. %6,62 igo da. - Gizarte laguntzetan ez dute murrizketarik egin. - San Juan egoitza: 179.948 euro. - Eragileei (euskara, kirola, merkatariak, hezkuntza eta berdintasuna, besteak beste) laguntzak mantendu. Inbertsioak. 2.235.856 euro. %23,35 jaitsi da. - Frontoiaren BEZa: 646.509 euro. - Artadiko saneamendua: 295.000 euro. -Zineko proiektorea: 85.000 euro. -Parkeak: Oikia (34.000 euro) eta Amaiako plaza (90.000 euro). - Kaleen mantenua: 275.000 euro. - Beheko plazako lurra eta altzariak: 60.000 euro. -Oikiako eskola: 70.000 euro. Finantza aktiboak. 377.504 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide