Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Kirol Elkarteak Aiako I. Mendi Lasterketa antolatu du martxoaren 11rako, udalaren laguntzarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, Aiako Udala izan da sustatzailea, hutsune bat betetzeko asmoz. «Mendi mailan ez da halako ekimenik egiten Aian, eta mendian aritzen garen lagun talde batek pentsatu genuen halako proba egitea egokia izango litzatekeela inguruko mendietan», diote antolatzaileek. Hala, Pagoeta inguruan egingo dute lasterketa. Guztira, 8,2 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek, eta antolatzaileen esanetan, bidea «erraza» da. Aiako plazatik abiatuko dira korrikalariak, eta Arretaldetik barrena iritsiko dira Pagoetako gurutzera. Handik Pagoetako tontorrera igoko dira, eta ondoren, Olarteta zeharkatuz, Ernio Txikira joango dira. Aiako hirigunera joango dira handik, eta Auzokalte ingurua igaro eta gero, Aiako plazan izango dute helmuga. Guztira 557 metroko gora-behera positiboa izango du Aiako I. Mendi Lasterketak. Izena Internetez Lasterketa ez da Eukal Herriko Zirkuituaren barruan sartuko. 11:30ean hasiko da proba, eta egunean bertan korrikalarientzat dutxa zerbitzua ere jarriko dute. Dagoeneko eman daiteke izena lasterketan parte hartzeko, www.herrikrossa.com helbidean; 16 urte baino gehiago dutenek eman beharko dute izena, eta aldez aurretik inskribatuz gero, zortzi euro ordainduko dute, eta egunean bertan eginez gero, berriz, 12 euro. Izan ere, aurretik lehiakide kupoa betetzen ez bada, egunean bertan ere jarriko dute izena emateko mahaia. Gehienez, 150 korrikalari Gehienez 150 korrikalarik parte hartu ahal izango dute Aiako I. Mendi Lasterketan. Antolatzaileek adierazi dutenez, lehenengo aldia izanik, aurtengoa «froga» izango da. Hala, harreraren arabera, hurrengo urteetan parte hartzaile kupoa aldatuko lukete, edo ez. Parte-hartzaile gehiago ez onartzeko arrazoia ibilbideko zati batzuk estuak izatea da. «Ibilbide hasiera zabala da, baina bide zati batzuk metro eta erdiko zabalera besterik ez dute. Beraz, jendea pila liteke bertan. Hala ere, lehenengo lasterketaren ondoren ikusiko dugu korrikalariak erraz sartzen diren ala ez. Horren arabera, hurrengo urtean kopurua handitzeko aukera egon liteke», diote Aiako Kirol Elkarteko kideek.
Mendi irteerak aurrerantzean
Antolatzaileek jakinarazi dute aurrerantzean ere halako ekimenak prestatzeko asmoa dutela. Jakitun dira arlo horretan herri mailan ez dela ekintzarik antolatzen. Horregatik, mendi lasterketaz gain, udaberri aldean hasita inguruko mendietarako ibilaldiak antolatuko dituztela aurreratu dute.