Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, Urola Erdian, energiaren inpaktu ekonomikoa aztertuko dute, Energia adimentsua izenburua duen proiektuan. Ikerketarako 400 norbanako boluntario behar dituzte, inkesta egin dezaten, eta, horrez gain, Urola Erdiko 300 bat enpresetara ere joko dute ikertzaileek.
Energiaren azterketaren proiektua bailarako erakundeen artean landu dute, elkarlanean. Azterketa egin ondoren, energiaren arloan eskualderako plangintza egin nahi dute. Epe luzerako plangintza baten bidez energia subiranotasunerantz bidea egiten hastea da egitasmoaren helburu orokorra, eta helburu zehatzetako bat, berriz, energia arloan eskualdeko ekonomia suspertzeko garapen teknologikoa eta berrikuntza.
Baina ezer egiten hasi aurretik, hiru udalerrietako egoera zehatza ezagutu nahi dute, eta horretarako energiak duen inpaktu ekonomikoa aztertuko dute. Hala azaldu Leire Etxanizek, Azpeitiko Udaleko zinegotziak.
Energiari lotutako berrikuntza lantzea «ezinbestekoa» dela esan du Loiola Berrikuntzako Begoña Beobidek. «Gizarteak ulertu behar du energia kontsumitzaile izatetik energia kudeatzailea izatera pasatu behar duela, eta enpresek energia erabiltzetik sortu eta kudeatzera pasatu behar dute». Energia ereduaren eraldaketak Urola Erdiari «aukerak» ekarriko lizkioke: «Teknologia berria sortzeko, gizartea eraldatzeko, ekonomia sustatzeko edota bizi kalitatea hobetzeko aukerak izan daitezke».
Azterketa egiteko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, Ingurugiro Etxea Fundazioko Orkatz Goenagaren esanetan. «Energiak duen inpaktu ekonomikoa aztertzeko familiekin hitz egitea beharrezkoa da». Familiek 30 minutuko inkesta bete beharko dute. Galdeketan, familiaren energia kontsumoaz, energiaren arloko ohiturez, etxebizitzako instalazioez eta azpiegiturez galdetuko dute. «Familiek energian gastatzen dutenaren erretratu bat egin nahi da», dio Goenagak. Ordainetan, parte hartzen duten familiei energia aurrezteko eta faktura txikitzeko aholkularitza eskainiko diete.
Enpresei ere, inkesta betetzearen ordainetan, aholkularitza
eskainiko diete, eta, gainera, dauden diru laguntzak eskatzeko aholkularitza eta laguntza emango diete.
Inkesta egiteko erak
Internetez: Ingurugiro Etxearen webgunean (www.ingurugiroetxea.org) edota udaletako webguneetatik jaitsita (www.azkoitikoudala.info, www.azpeitia.net edo www.zestoa.net).
E-postaz. E-postaz honako helbidera mezua bidaltzen dutenek inkesketa jasoko dute, bete eta itzultzeko: ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net.
Paperean. Ingurugiro Etxea Fundazioaren bulegoan (Enparan Dorretxean), Ingurugiro Etxea Museoan eta udaletxeetako harreretan.
