Corrugadosekiko akordioarekin «kea saltzea» egotzi diote Jaurlaritzari LABek eta ELAk

Onintza Lete Arrieta 2012ko urtarrilaren 27a

LAB eta ELA sindikatuentzat «eskandalagarria» da Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gallardo Taldeak lortutako akordioa. Sindikatuek «kea saltzea» eta «aurpegia garbitzea» egotzi diote Eusko Jaurlaritzari. Akordioaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak Corrugados Azpeitiari bost milioi euro emango dizkio mailegutzan ekoizte erritmoa berreskuratzeko eta bideragarritasun plana gauzatzeko. LABek eta ELAk Hitza-ri adierazi diotenez, «akordio horrek ez du bermatzen enpresaren etorkizuna, ezta lanpostuei eustea ere». ELAko metal arloko eskualdeko arduradun Andoni Eizmendik eman du iritzia: «Eskandalagarria da Eusko Jaurlaritzak diru publikoa erabiltzea denok dakigun gauza baterako». «Probarik izan ez arren», Eizmendik uste du «enpresa pribatu batek kaleratuko dituen langileen kalte-ordainak ordaintzeko» erabiliko dela diru hori. Hori da salatu duena, eta LABeko arlo bereko arduradun Patxi Altzibar bat dator Eizmendirekin: «Dirua kaxoi batean ala bestean sartu, badakigu horretarako erabiliko dutela». Horrekin lotuta, Eizmendik gogorarazi du enpresa «derrigortuta» dagoela kalte-ordainak kaleratzearen aurreneko egunean ordaintzera, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzaren ebazpenaren arabera, «30 hilabetean» jasoko dutela kalte-ordaina. Horrek sindikatuen susmoa indartzen lagundu du; alegia, bost milioi euroak horretara bideratuko dituztela. Altzibarrek gaineratu du bost milioi euroko laguntza adierazgarria izan daitekeela hamabost edo hogei langile dituen enpresa batentzat, baina Corrugados Azpeitia bezalako enpresa batentzat «ez da ezer, enpresaren fakturazioa kontuan hartzen bada». Horregatik, sindikatuentzat Eusko Jaurlaritza «dena nahasten» ari da, «egoera leundu nahian». Harago joan da Eizmendi; «gezurretan» aritzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Bere esanetan, Jaurlaritzak «behin eta berriz agindu» zien sindikatuei ez zuela diru publikorik emango enpresaren eta sindikatuen artean akordiorik ez bazegoen: «Akordiorik ez da egon, baina dirua eman egin du», salatu du. Langileen eta enpresaren artean akordiorik ez egoteaz gain, LABek eta ELAk helegitea jarriko diote Lan Delegaritzaren ebazpenari. 100 langile kaleratzea eta gainerakoentzat Lan Erregulazio Espedientea onartzen du ebazpenak. Otsailaren 10a baino lehen jarri beharko dute helegitea, eta gaurko elkarretaratzera deitu dute Donostian, Lan Delegaritzaren aurrean. 09:30ean aterako dira Azpeititik, eta ordubetez egingo dute ebazpenaren aurkako protesta, 10:30ean hasita. Sindikatuak, berme eske Sindikatuek «bermeak» nahi dituzte, eta berme falta hori salatu dute behin eta berriz. «Oraindik ez dugu enpresaren etorkizuna ziurtatzen duen txosten bakarra jaso, ezeren bermerik ez dugu», dio Altzibarrek. Beren ustetan Lan Delegaritzaren ebazpenean agertzen den bideragarritasun planak ez du ezer bermatzen, eta Altzibarrek argi du «ekainean suspentsio gehiago eragingo duen Lana Erregulatzeko Espediente berria» onartuko dutela, orduan tokatzen baita enpresaren egoera berrikustea: «Horixe hertatuko da. Eskua sutan jarriko nuke». Akordioa «aurpegia garbitzeko» egin dutela uste dute bi sindikatuek. Azkenik, Eizmendik galdetu du ea zer penalizazio izango duen enpresak, Eusko Jaurlaritzarekin hartutako konpromisoak betetzen ez baditu. Irregulartasunak salatzen Eusko Jaurlaritzaren kontra egiteaz gain, enpresako zuzendaritzaren inguruan ere egin dituzte salaketak LABek eta ELAk. Izan ere, urteetan «galera ekonomikoa» eragin duen kudeaketa egotzi diete Corrugados Azpeitiako zuzendaritzako kideei, eta hainbat irregulartasun salatu dute; besteak beste, «ohikoa baino askoz kalitate txarragoko txatarra erosi izana urte askoan», horrek dakarren diru galerarekin, eta «horren jakitun izanik beste alde batera begiratu izana». Normalean txatarraren %10 zikina izaten dela adierazi dute sindikatuek, ehuneko hori bota egin behar izaten dela zakarretara. Corrugados Azpeitian zikin hori «%18» zela salatu dute; ia bikoitza, alegia. Bestetik, enpresan kontu ikuskatzea izan eta «gastuen %26 zehaztu gabe» gelditu izana salatu dute: «Datu hori ez dugu guk eman, enpresan egindako ikuskaritzan bertan onartzen dute ezin izan dutela kopuru hori zehaztu. Lan Delegaritzan salatu dugu irregulartasun hori, baina inork ez digu oraindik azalpenik eman». Diru askotaz hitz egiten ari dira gastuen %26 aipatzean, kontuan izanda «langileen gastua %8-9» dela.   Corrugados «aurrera egiteko prest» dagoela uste du Pasaiako Portuak Pasaiako Portuko bezero «handietakoa» da Gallardo Taldearen Corrugados Azpeitia enpresa, portuko arduradunek Hitza-ri adierazi diotenez. Izan ere, portuko zirkulazioaren %15 Azpeitiko enpresari dagokio, batez beste. Horregatik, «kezkatuta» dago enpresa igarotzen ari den egoeragatik baina, aldi berean, uste du Corrugados Azpeitia «aurrera egiteko prest» dagoela: «Ez dugu uste desagertzera doan enpresa denik; ez dugu uste bere zikloa amaitu denik, edo bere teknologia atzean gelditu denik. Alderantziz, aukerak izan behar lituzkeen unean egoera txar bat pasatzen ari dela uste dugu». Hainbat ezaugarri, alde Analisi hori egiterakoan hainbat arrazoi eman dute portutik. Alde batetik, «orain gutxi modernizatu» den enpresa dela uste dute, eta teknologia oso altua behar ez duten produktuak egiten dituztela bertan. Horregatik, «merkatu oso desberdinak» izan ditzakela uste dute, eta «orain hazten ari diren merkatu askotara sar» daitekeela; «esaterako Afrika iparraldera edo hazten ari diren herrialdeetara». Portuko arduradunen ustetan, gainera, «kostuei dagokienez garatuago dauden merkatuekin lehiatzeko ere gai da» Corrugados. Hala, uste dute «epe ertainera» ez lukeela etorkizun txarrik izan behar. Azken urteetako zenbakiak Azken bost urteetan Corrugadosek Pasaiako Portuan izan duen pisua neurtzerako orduan, bi joera nabari dira. Alde batetik, 2007tik 2008ra enpresak portura eramandako tona kopurua hazi egin zen. 2007an hagaxka luzeei dagokienez 80.989 tona jaso zituzten portuan, eta 2008an 382.010 tonaraino igo zen kopurua. 2009an 449.850 tonara igo zen. Bestetik, azken bi urteetan jaitsiera nabarmena izan du, 2010etik 2011ra bereziki; 2010ean 418.555 tona zenbatu zituzten portuan eta, iaz, berriz, 97.937. Datu hauek guztiak Pasaiako Portuak emandakoak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide