
Aurreko legealdian Aldapetako plana «aldez aurretik saldu» zutela salatu zuen Bilduk herenengugo osoko bilkuran. Hirigintza eta ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek jakinarazi zuenez, proiektua «martxan» badago ere, oraindik exekuzio proiektua egiteke dago. «Abenduan amaitu zuten oinarrizko proiektua, eta egun urbanizazio proiektua lantzen ari dira. Behin hori amaitutakoan ekingo diote exekuzio proiektuari».Orduan jakingo dute, hain zuzen, planaren aurrekontua zenbatekoa den. «Exekuzio proiektua eskuartean dugunean jakingo dugu zenbat kostako den plana, ez aurrez».
Orduko udalbatzak 2009an eman zien Aldapetako etxebizitzei lehen onespena. Santa Ana eskola zaharra bota, eta bertan etxebizitzak eraikiko zituela erabaki zuen, hala. Zehazki, 60 etxebizitza —12 babes ofizialekoak eta 48 tasatu— egingo zirela jakinarazi zuten orduan, baita Vista Alegre auzorainoko funikularra egingo zela ere. Honek barreneko kaletik Vista Alegreraino 100 metroko ibilbidea egingo zuela adierazi zuen, guztira 30 metroko altuera igotzeko, galtzada erromatarraren ondotik.
Kostu altua medio, ordea, Zarautz Lur elkarteak kontratatutako arkitektoek funikularraren ordez bi igogailu eraikitzea proposatu dute . «Funikularra eraikitzeak eta mantentzeak kostu handia du, izugarria. Momentuz, beraz, bi igogailu eraikitzea aztertzen ari gara. Bata San Inazio kaletik etxeak egitekoak diren plazara igoko litzateke, eta bestea, plazatik goiko aldera», azaldu zuen Eizagirrek.
Hirigintza eta ogasun zinegotziaren arabera, funikularraren gaia aztertzeko, lehenbizi Vista Alegreko mugikortasuna nolakoa den aztertu behar da.
Bestalde, duela hiru urte Aldapetako lanekin 2010ean hasiko zirela ere jakinarazi zuten, eta obrak amaitzeko epea ere zehaztu: 2012. Egun, ordea, ez dute plana amaitu ere egin. «Aurreko legealdian oinarrizko proiektua idatzi aurretik saldu zuten etxebizitzan zozketa. Hori oso akats larria da, salagarria», salatu du Eizagirrek. EAJk ere bere garaian proiektua idatzi aurretik iragarri zela salatu zuen; hala gogoratu zuen alderdiko bozeramaile Imanol Lasak.
Panel akustikoak
A8 autobideak Zarauztik igarotzean «zarata kutsadura nabarmena» sortzen duela eta, PSE-EEk mozioa aurkeztu zuen, eremu horretan panel akustikoak ezartze aldera. Hala, Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari arazoari «lehenbailehen» irtenbidea emateko eskatzea proposatu zion Udalbatzari. Aho batez onartu zuen horrek PSE-EEren eskaera.