'Bodologuak' antzezlan arrakastatsua Zumaian taularatuko dute bihar

Aritz Mutiozabal 2012ko urtarrilaren 26a

Ezkontzak oinarri dituen Bodologuak bakarrizketa saioak arrakasta itzela lortu du. Horren haritik, bi emanaldi eskainiko dituzte bihar Aita Marin; bata, 20:00etan eta bestea, 22:00etan. Arrakasta horren eragiletako bat Mikel Pagadizabal Pagadi (Villabona, 1974) da, Egoitz Lasarekin eta Nagore Aranbururekin batera. Hona hemen biharko alean argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena: Argi dago ezkontzek askorako eman dezaketela. Egia esan, antzezlana egitera ilusioa egiten dizun trajearekin joateko aukera ematen dizu. Ezkontzena, azken finean, aitzakia hutsa izan zen. Ezkontzaren gaiak lotura lana egiten du bakarrizketa eta bakarrizketa artean, baina , oro har, denetariko gaiak jorratzen ditugu. Beraz, ezkontza hari gidaria da. Hori da. Ezkontza batetik berandu iritsiko gara antzokira, eta gure artean ekitaldiari buruz hitz egiten dugun arren, bakarka beste gai batzuen inguruan ere ariko gara: eliza, euskal elkarte gastronomikoak, txakurrentzako jantziak, euskaldun izateak dituen zailtasunak eta oporrak. Horiez guztiez ariko gara, betiere gure ikuspegitik. Bakarrizketetan, normalean, gaur egungo gaiak modu komikoan larrutzen dira. Zuen kasuan, izan zareten ezkontza ongi atera ez delako hasten al zarete txor-txor? Bai, ezkontzan komentario asko entzun dugu, eta hortik abiatuko gara. Jakina, kritika ukitu txiki bat badute taularatuko ditugun testuek, baina nik esango nuke zuzeneko umorea dela. Aurkezten ditugun gaiez eta gure buruez barre egitea da helburua. Nola sortzen da proiektu hau abiatzeko ideia? Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta hiruok oso ongi moldatzen gara lanetik kanpo ere. Askotan geratzen gara elkarrekin zerbait hartzeko, eta bakarrizketa komikoak asko gustatzen zitzaizkigula eta ikuskizunen bat egin behar genuela komentatzen genuen topaketa horietan . Udan hasi ginen antzezlana idazten, eta hiru hilabetetan osatu dugu guztia. Bakoitzak bere testuak idatzi ditu, eta gero, guztiak komunean jarri ditugu, horien arteko loturak sortuz. Badirudi gustatzen ari dela. Jendeak barre egin du, eta oso gustura gaude erantzunarekin. Bakarrizketak bakarrean egiten dira, eta zuek hiru zarete. Nola egituratu duzue ikuskizuna? Aktore bakoitzak bere bakarrizketa egiten du, txandaka, eta loturak egiteko hiruok ateratzen gara agertokira. Nolabait esateko, El Club de la Comedia saioaren formatu bera du. Eguberro Off telesaioaren ildo bera izango du, baina Nagorek berak bakarrik aurkeztu beharrean, hiruok ematen diogu bide bakarrizketei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide