Jagoba Astiazaranek jaso du aurtengo Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Zestoarrarekin batera, Tolosako CIT ere saritu dute. Astiazaran Vaticano II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak izeneko lanagatik sarituko dute.
Ez zuela gehiegi espero jakinarazi du Astiazaranek berak. «Sarirako hautagaitza bildaltzen en unetik izaten da esperantza, egia da hori. Baina lehiaketa horretan tesiek irabazten dute normalean, eta nirea ez da tesi bat». Txistu ikasketak amaitzeko egindako lana da aurkeztu duena. «Hasieran egin behar nuen lanaren aldean potoloa atera zitzaidan, eta hantxe neukan apalean, hautsa hartzen». 2008an amaitu zuen, eta hiru urte behar izan zituen lana guztiz osatzeko. «Karrerako bigarren mailan hasi nintzen». Lehiaketa honen berri izandakoan, ez zuela «ezer galtzen» ikusita, bidaltzea erabaki zuen. «Nitaz aparte, ea beste norbaitek irakurtzen zuen [kar kar]».
Orain ez daki lana publikatuko duten ala ez. EHUren esku gelditu da lana, baina argi ikus dezan nahiko lukeela adierazi du.
«Titulua deigarria da, neurri batean, baina azken finean gauza oso sinplea da», dio Astiazaranek, lanaren nondik norakoak azaltzerakoan. Nazionalismoa, musika, eliza. Horiek guztiak batzen ditu idazkian. «Partitura bat aurkitu nuen; handik hasi nintzen. Euskal doinu tradizionalak ibiltzen dira meza doinuetan, eta doinu horiek aztertzen hasi nintzen. Ezaguna da hori; gaur egun oraindik ere Benito Lertxundiren doinuekin asko egiten dira mezatako kantak». Hori nondik zetorren aztertzen hasi zen orduan: «Zergatik ez da hori nazionalismo musikala?». Azkenean, adibide bat ez, asko zeudela konturatu zen denborarekin. Begiratzen hasi zenean, kanta guztiak 1965etik aurrera sortutakoak zirela ikusi zuen. Elizan momentu horretan zer gertatu zen aztertzen hasi, eta Vatikanoko II. Kontzilioarekin egin zuen topo. «Beraz, Frankismoko azken hamar urteetan kalean egin ezin zena elizan baimendu zuten»; euskaraz abestea. Horregatik sortu zirela elizako hainbeste kanta, Astiazaranen lanaren arabera. Aurrerago, bestelako mugimenduak kalean sortu zirela gogoratu du.
Saria, otsailaren 3an
Sariak otsailaren 3an banatuko dituzte,19:00etan, Donostian Ignacio Maria Barriola eraikinean. Amaieran, Donostiako Orfeoiak bere errepertorio tradizionaleko konposizio batzuk abestuko ditu.
