Dagoeneko eman daiteke izena Zumaiako XXVIII. Herri Lasterketarako

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 26a

Datorren otsailaren 25ean jokatuko dute Zumaiako XXVIII. Herri Lasterketan eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Bertan parte hartu nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunearen bitartez eman beharko dute izena. Txip horia daramatenek 10 euro ordaindu beharko dute lasteketan parte hartzeagatik; alokatutako txipa dutenek, berriz, 12 euro. Txipik ez dutenek, bertan erosteko aukera izango dute. Kasu horretan, txipagatik eta izena emateagatik, guztira, 28 euro ordaindu beharko dira. Aurrebenjaminek, benjaminek, alebinek, infantilek eta kadeteak doan eman dezakete izena. Korrikalariak proba aurreko egunetan bere izena parte-hartzaileen artean azaltzen dela ziurtatu beharko du. Zenbakia zein txipa itsaskiroldegian banatuko dituzte, proba egunean bertan 09:00etatik 13:00etara, eta 14:30etik 16:30era. Gehienez, 700 lagunek hartu ahalko dute parte lasterketan. Hori dela eta, lehenbailehen izena emateko gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako azken eguna otsailaren 24a izango da, lasterketa aurreko eguna, alegia. Parte-hartzaileek 10.200 metro inguru egin beharko dituzte korrika. 17:00etan abiatuko dira, Patxita Etxezarreta kaletik, eta herriari bi itzuli eman beharko dizkiote. Gehienez ere ordu eta hamar minutuan egin beharko da lasterketa.Irabazleek 240 euroko saria jasoko dute, bigarren sailkatzen direnek 150 euro eta 120 euro hirugarrenek. Aurrez, haurrak Helduen lasterketaren aurretik, haurrak lehiatuko dira. Alebinak 15:30ean abiatuko dira eta 1.100 metroko ibilbidea egin beharko dute. Infantilak eta kadeteek 2.200 metro egingo dituzte lasterka, 15:45ean abiatuta. Benjaminak ordu laurden beranduago lehiatuko dira, eta aurrebenjaminak, berriz, ordu erdi lehenago. Horiek 550 metroko ibilbidea egin beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide