Antxon Esnal oriotarrak lehenengo erakusketa jarri du, bere jaioterrian; urtarrilaren 31era bitartean, bere margolanak ikus daitezke Orioko kultur etxean. Urola Kostako Hitza-k elkarrizketa egin dio Esnali; biharko egunkarian irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa.
Nolako margolanak egiten dituzu?
Normalean paisaiak egiten ditut; adibidez, baserri zaharretako xehetasunak asko gustatzen zaizkit, eta itsasbastarra ere margotzen dut. Herriko txokoak ere jorratu ditut; eliza inguruak, itsasontziak...
Gehienak Orioko irudiak al dira?
Batzuk Oriokoak dira, baina inguruko eremuak ere margotu ditut; hala nola, Getaria eta Donostiakoak. Horrez gain, bada Asturiaseko haitz batzuen kuadro bat ere.
Egia esan, modu inkontzientean egiten ditut paisaia horiek. Duela bi urte inguru, jubilatu nintzenean, hasi nintzen horretan, eta kuadro gehienak tarte honetan egindakoak dira; hala ere, badaude orain dela hamabost urte inguru margotutakoak ere.
Gainera, kalera irteten dudan bakoitzean argazki kamera eramaten dut nirekin. Zerbait interesgarria ikusten badut, argazkia ateratzen dut, eta ondoren, etxean margotzen dut. Erakusketan bada tren baten irudi bat; Donostiako tren geltokian nengoen, Oriora itzultzeko zain. Orduan, Hendaiako trena ikusi nuen, eta argazkia atera nion, ondoren margotzeko; egia esan, erakusketan kuriositate handia piztu du kuadro horrek.