Jagoba Astiazaran zestoarrak eta Tolosako CIT-ek jasoko dute aurtengo Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Astiazaran, Vaticano II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak izeneko azterlanagatik sarituko dute. Sari banaketa otsailaren 3an izango da, 19:00etan, Donostian UPV/EHUko Gipuzkoako kanpuseko Ignacio Maria Barriola eraikinaren auditorioan (Elhuyar plaza, 1).
Sariketako epaimahaia Donostiako Orfeoiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenaren bidez izendatutako Jarraipen Batzordea izan da.
Sariak otsailaren 3an (ostirala) banatuko dituzte,19:00etan, Donostian Ignacio Maria Barriola eraikinean. Ekitaldian hizlari ariko dira, Jose Maria Etxarri Donostiako Orfeoiko lehendakaria eta Cristina Uriarte UPV/EHUko Gipuzkoako kanpuseko errektoreordea. Ekitaldiaren bukaeran, berriz, Donostiako Orfeoiak bere errepertorio tradizionaleko konposizio batzuk abestuko ditu.
Hamaikagarren edizioa du sariak eta bi helbururekin sortu zuten, batetik, musika-sortzaileen ibilbide profesionala aitortzea eta bestetik, musika arloko ikerkuntza bultzatzea.