Aizarnazabalgo olatu artifiziala saritu dute Munichen

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 25a

Instant Sport enpresa Aizarnazabalen garatzen ari den olatu artifizialak sari bat jaso du Alemanian, Municheko azoka batean. Wavegarden teknologia du oinarrian olatuak. Enpresako kudeatzaile Igor Barandiaranek zera adierazi du sariaren harira: "Konfirmazioa da hau. Lan eta lan ari gara Aizarnazabalen, eta ongi egindako lana berrestea izan da saria". Hawaii, Israel eta Portugalek proiektuaren inguruko interesa agertu dute jada, Alemanian ikusitakoa ikusita. Zarauzko aurreko udalak ere agertu zuen interesa. Aldundia eta Instant Sport S.L. enpresa 2005etik ari dira olatu artifizialaren inguruan elkarlanean. Iaz patentatu zuten uhin artifizialak sorrarazteko gailua, eta Aizarnazabalen ezarri zuten prototipoa. Hala, ibaitik datorren uraz baliatuta, aldioro luzera eta neurri bereko olatua altxarazten du teknologia bereziak, eta «surfa praktikatzeko baldintza egokiak aurkitu ditzake surflariak». Besteak beste, Aritz Aranburu surflari zarauztarrak probatu du olatu artifiziala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide